Azpeitian jokatuko da Euskal Herriko Bakarkako VI. Sega Ligaxkako finala

Olatz Prat 2014ko uzt. 24a, 04:36

Almitza Euskal Herriko Segalaritza Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatuta, Euskal Herriko Bakarkako VI. Sega Ligaxka jokatuko da Azpeitian. Igande honetan izango da finala, 11:30etik aurrera, Ikasberri Ikastola ondoko zelaian. Bigarren urtez jokatuko da, gainera, Azpeitian, iaz ere zelai horretantxe aritu baitziren lanean segalariak. Iaz bezala, Ikasberri Ikastolak txosna jarriko du bertan. 39 segalari ariko dira lehian. Horietatik 36 helduak; 29 gizonezko eta 7 emakumezko, eta 3 gaztetxok ere hartuko dute parte. 12-13 urteko gaztetxo batzuk ere segan ariko dira, lehiaketaz kanpo. Txanda erabakigarria Azpeitikoa ligaxka honetako hirugarren eta azken sailkapen txanda izango da. Ekainaren 1ean jokatu zen lehena Etxalekun (Nafarroa) eta uztailaren 8an jokatu zen bigarrena Zaldibian (Gipuzkoa). Horietan batutako puntuekin eta Azpeitian lortzen dituztenekin erabakiko da zein den aurtengo txapelduna. Ligaxka honetan puntuaketarako ezohiko sistema erabiltzen dute. Izan ere, Euskal Herriko sega probetan ohikoena da denbora jakin batean belar kilo gehien moztu duenari ematea garaipena edo puntuazio altuena. Kasu honetan, prozesua bestelakoa da, Europako sega estiloa jarraitzen duelako: belardi eremu jakin bat nork lehenago eta txukunago moztu baloratzen da. Azpeitian, gizonezkoek 100 metro koadroko eremua izango dute lanerako, eta emakumezkoek nahiz gaztetxoek, berriz, 25 metro koadrokoa. Orain arte jokatu dituzten proben arabera, honakoak dira sailkapenak: gizonezko helduen mailan berdinketa dago Igor Esnaola eta Migel Mari Jauregi Altzo-ren artean, eta hirugarren postuan da Mikel Garaialde. Emakumezkoetan Alazne Etxaburua dago lehen postuan, Ainhoa Galarraga da bigarren, eta Aloña Galarraga, hirugarren. Gaztetxoen mailan, berriz, Jon Otaegi doa lehen postuan, Unai Mitxelena bigarren, eta hirugarren Aitor Intsausti. Europako txapelketa, etxean Datorren urtean, 2015eko abuztuan, Europako Sega Txapelketa jokatuko da Azpeitian. Europako bakarkako txapelketak bi urtez behin jokatzen dira; Eslovenian jokatu zen 2011koa, eta azkena 2013an jokatu zen Hego Tirolean (Austria-Italia). Azken horretan parte hartu zuen Jesus Mari Goenaga segalari errezildarrak. Aurtengo Euskal Herriko Sega Ligaxkak ez, baina datorren urtekoak Europako txapelketarako txartela lortzeko aukera emango die segalariei. Kirol saio bat baino gehiago izan ohi dira txapelketa horiek. Izan ere, herrialde ugaritako segalariek hartzen dute parte, eta herrialde horietako folklore eta kultur erakustaldiz osatzen da egitaraua. Datorren urtean txapelketa bera Loiolan jokatuko bada ere, herri osora hedatuko da festa giroa. Egitaraua osatzen eta zehazten ari dira antolatzaileak. 1urolakosta.hitza.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide