Maialen Mujika: "Bera Berako jokalari izatea urrats handia da"

Aritz Mutiozabal 2014ko uzt. 23a, 16:16

Ezkerretik hasita hirugarrena da Maialen Mujika (Bera Bera Eskubaloia).
Sasoian.info. Maialen Mujika eskubaloi jokalari zarauztarra aurkeztu du gaur eguerdian Bera Bera taldeak Bidebieta kiroldegian. Mujikak adierazi duenez, Bera Berako kide izatea "urrats handia" da beretzat, azken hiru denboraldiak BM Porriñorekin jokatu ondoren ohorezko mailan. “Beti gertu izan dut, partidaren bat edo beste ikustera etorri naiz baina eskuraezina bezala ikusi dut. Orain ametsa betetzea bezalako da”, aitortu du hegaleko jokalariak. Gainera, bi denboraldiz jarraian  Liga, Kopa eta Superkopa eskuratu dituen talde batera sartzea ardura handia dela nabarmendu du. “Aldea ez nabaritzeko maila ona eman behar dugu, ondorioz”. Hori horrela, lana gogotik egin, defentsan taldean lagundu eta erasoan errotazioetan sartzeko asmoa du. Zarauztarrak, era berean, Espainiako Unibertsitate mailako selekzioarekin bat egingo du igandean Pontevedran, abuztuko lehen astean Portugaleko Guimaraesen jokatuko den Munduko Txapelketa prestatzeko.
Argazkia: Bera Bera Eskubaloia

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide