Marea Arroxa "aldarrikapen politikoetarako" ez erabiltzeko eskatu du Azpeitiko EAJk

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 23a

Azpeitiko EAJk adierazi du "herriko jaietan gazte eta gaztetxoen ikur bilakatu den Marea Arroxak azpeitiar guztiena izaten jarraitu behar" duela, eta "inork ez duela erabili behar aldarrikapen politikoak egiteko". Marea Arroxak jarri dituen kartelen harira egin ditu adierazpenok, "kutsu politikoa" dutela argudiatuta. 'Marea Arroxak mezu bat dakar: euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera' irakur daiteke karteletan. EAJri ez zaio "joku garbia" iruditzen, "herri osoarentzat, kolore eta penstaera guztietakoentzat, gune zabal eta topaleku gisa eratu nahi izan den Marea Arroxa modu sektarioan eta alderdikoian manipulatu eta erabiltzea". Esan dutenez, "herritar bakoitzak ditugu geure petsaera eta ikuspuntuak eta horrexegatik, ez da bidezkoa azpeitiar guztiontzat izateko helburua zuen mugimendua politizatzea. Are eta gutxiago marea horretan adin txikiko askok eta askok festa ilusioz gozatzeko parte hartzen dutenean". Jarrera hori "zilegi" ez dela eta "denak" ez duela balio adierazi dute. "Hainbeste aldarrikatzen diren denbora berriek, jarrera berriak eskatzen dituzte" euren iritziz eta festek "izaera ludiko eta gozagarria" izan behar dutela aldarrikatu dute. "Utzi festak bakean", esan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide