Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru diru laguntza mota emango ditu Zarauzko Udalak: batetik, establezimendutako errotulazio elementuak euskaratzeko; bestetik, saltokitako irudi korporatiboa euskaraz jartzeko eta azkenik, web orriak euskarara itzultzeko. Helburua euskararen erabilera sustatu eta hedatzea da, eta ondorioz, hizkuntza horren normalizazioa bideratzea. Diru laguntza horiek eskatzeko epea abuztuaren 13an amaituko da.
Onuradunek baldintza berdintsuak bete beharko dituzte errotulazioari eta irudi korporatiboari lotutako laguntzak eskatzeko. Bi elementu horiek euskaraz bakarrik egon beharko dute idatzita, eta ez zaie laguntzarik emango izen berezia soilik daramatenei; langintza motaren edo jarduera profesionalaren adierazlea hartuko da kontuan. Errotuluen kasuan, gainera, saltokietan kanpora begira jartzen diren inskripzioak euskaraz soilik idatzia egon beharko dute diru laguntza eskatu ahal izateko.
Zarauzko Udalak behin bakarrik emango ditu elementu horiek euskaratzeko diru laguntzak, eta eskatzaileak konprometituko dira errotulua eta irudi korporatiboko elementuak euskaraz mantentzera.
Bisita kopurua eta erabilgarritasuna
Diruz lagundu ahal izateko, webguneek Zarautzen izan beharko dute helbide fiskala. Era berean, edukiak oso-osorik egon beharko dute euskaraz, nahiz eta informazioa beste hizkuntza batzuetan ere irakurtzeko aukera eman. Euskararen kalitatea eta zuzentasuna izango dira kontuan, gainera. Horrez gain, webgune horrek duen bisita kopurua, eguneratzea, kalitatea eta erabilgarritasuna baloratuko da. Eduki horiek legeak babestutako gaiekin lotura baldin badute, eskatzaileek eduki horien gaineko baimena dutela erakutsi beharko dute.
Errotuluen eta irudi korporatiboen kasuan bezala, udalak behin bakarrik emango du laguntza webguneak euskaratzeko eta jabeek hori euskaraz mantentzera konprometituko dira.