Realaren eta Eibarren arteko lehen derbia Zarautzen jokatuko dute Kilometroen barruan

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 23a

Kilometroak 2014 egitasmoak, Zarauzko Kirol Elkarteak eta Zarauzko Udalak antolatu dute Realaren eta Eibarren arteko futbol partida. (Egilea: Aiora Larrañaga) Kilometroak 2014 jaiaren barruan Realaren eta Eibarren arteko denboraldiko lehen derbia Zarautzen jokatuko da abuztuaren 15ean. Kilometroak egitasmoak, Zarauzko Kirol Elkarteak eta Zarauzko Udalak elkarlanean antolatu dute kirol hitzordua eta eragileek nabarmendu dute "ohorea"  dela maila horretako partida antolatzea. Partida Kilometroak Kultur Elkarteak Real Sociedad Fundazioarekin duen lankidetza hitzarmenaren baitakoa da. "Realak aurre denboraldiko partida bat Kilometroak jaiaren alde jokatu ohi du urtero eta aurtengoa berezia izango da, Gipuzkoako bi talde Espainiako Futbol Ligako gorengo mailan izanik, bien arteko norgehiagoka eskaintzeko aukera izango baitugu" azaldu du Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak. Gainera, bi taldeek hasieratik erakutsi duten prestutasuna nabarmendu du Manterolak. Abuztuaren 15ekoa ez da bi taldeek Zarautzen jokatzen duten lehen aldia izango. Izan ere, iaz uztailaren 31n neurtu zituzten indarrak 40 gradura iritsi zen egun bero batean. "Aurredenboraldiko partidak belar naturaleko zelaietan jokatzen ditu Realak eta behin baino gehiagotan jokatu izan du Zarautzen. Guretzat ohorea da aurtengoa moduko goi mailako partida Zarautzen jokatzea eta proposamena egin zigutenetik gure laguntza osoa eskaini diogu Kilometroak Jaiaren antolatzaileei". Beste urtetan gertatu ez bezala, aurtengoan irabazia Zarautzko Kirol Elkartearentzat izan beharrean Kilometroak egitasmoarentzat izango bada ere, Zarauzko Kirol Elkarteko Joxe Mari Olazabalek uste du jokalari gazteei eta oro har herritarrei maila horretako partida ikusteko aukera ematea Zarautzentzat "aukera paregabea" dela. Reala eta Eibarren arteko futbol partida abuztuaren 15ean 18:00etan izango da. Turismo denboraldian bete-betean murgilduta izango da herria eta eguna pasatzen etortzen diren bisitariek futbol patidaz gain, estropadez gozatzeko aukera ere izango dute eguerdian. "Eguna pasa etortzeko egitarau oso erakargarria eskainiko dugu" zehaztu du Aser Lertxundi zinegotziak. Demetrio Esnaolari omenaldia Erria Txikota! Kilometroak 2014ko antolatzaile Joseba Orellak azaldu duenez, Reala eta Eibarren lagunarteko futbol partidan Demetrio Esnaolari omenalditxoa egingo diote. "Esnaola Orioko Herri Ikastolako lehen zuzendaria izan zen eta berak egingo du ohorezko sakea. Horrela  Orioko Herri Ikastolako hastapenei keinu egin nahi izan diote antolatzaileek eta garai hartan egindako lan "ikaragarria" gogora ekarri nahi izan dute. Partida ikustera joan nahi dutenek sarrerak salgai dituzte Orion Erria Txikota! dendan eta Il Gelato kafetegian; Zarautzen, berriz, Txiki Polit tabernan. Harmailetako sarrerek 15 euroko prezioa izango dute eta sarrera orokorrak helduentzat 10 euortan eta zortzi urte azpikoentzat 5 eurotan jarri dituzte salgai. Asti futbol zelaian 2.500-3.000 ikusle inguru sartzen dira eta sarrera kopuru hori jarriko dute salgai antolatzaileek. "Sarrerak amaitzen direnean ez diogu jende gehiagori sartzen utziko, beraz partida ikusi nahi dutenek lehenbailehen sarrerak erostea komeni da" zehaztu du Eñaut Telleria Kilometroak 2014 Jaiko antolatzaileak. Ildo horretan, Zarauzko Udaletik abuztuaren 15ean Asti ingurura garraio publikoan edo oinez joateko gomendatu dute, zirkulazio arazorik izan ez dadin.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide