Dagoeneko eman daiteke izena Trikitilari Gazteen XXXIV. Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 23a

Julen Alonsok eta Eneritz Aulestiak irabazi zuten iaz txapelketa Zarauzko Udaleko Kultura sailak Trikitilari Gazteen XXXIV. Txapelketa antolatu du Euskal Asterako, irailaren 3rako, eta dagoeneko eman daiteke izena. Hainbat baldintza bete beharko dira txapelketa horretan parte hartu ahal izateko. Batetik, soinu-joleek eta pandero-joleek 20 ute bete gabe izan beharko dituzte txapelketa egunean. Hori egiaztatzeko Familia Liburuaren kopia edo  NANa aurkeztu beharko da. Bikotekako txapelketa izango da, bi ilarazko diato eskusoinua joko du batek eta besteak panderoa.  Eta talde bakoitzak lau pieza jo beharko dituzte: trikitixa, porrusalda, fantangoa eta arin arina. Horietariko piezaren bat norberak sortutakoa bada, epaimahaiak baloratu eta kontuan izango du. Izena ematekoan adierazi beharko da zein den norberak sortutako pieza. Trikitilariek koplaz lagundu beharko dute euren jardunaldia eta piezen orijinaltasuna mantendu beharko da, gehienbat fandango eta arin-arinetan. Parte-hartzaileek kanporaketan pieza bat jo beharko dute eta ezingo da finalean errepikatu. Bestalde, estetikari ere erreparatuko zaio. Ildo horretatik, janzkera tradizionala mantendu beharko da. Hainbat sari banatuko dute: irabazleek 250 euro, txapela eta oroigarria jasoko dute; bigarren sailkatzen direnek 175 euro eta herriko lehenbiziko bikoteak sari berezia. Txapelketan parte hartuko duten gainerakoek 70 euroko dieta bat izango dute eta kanporaketa gainditzen ez dutenek, berriz, 50 euro jasoko dituzte. Kultura sailean (Nafarroa kalea, 22) eman beharko da izena edota 943-005120 telefonora deituta, abuztuaren 25a baino lehen, astelehenetik ostiralera 09:00-15:00 bitartean.  Txapelketa irailaren 3an izango da Modelo aretoan, 20:30etik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide