Letxua eta flysch-a, piperrak eta Gernika, hegaluzea eta Solozabal, arkumea eta Meninak, gazta eta Aralar... Zarauzko Merkatu Plazako beheko eta goiko solairuak. Behean, bertako ekoizleen produktuak. Eta goian, ere bai. Artea Merkatuan egitasmoaren barruan, Txiki Agirre
Keixeta-k (Arroa, Zestoa, 1963) azken urteetako lanak jarri ditu ikusgai bertan. Abuztuaren 17ra arte bisitatu ahalko da, egunero, 11:00-13:00 eta 18:30-20:30 bitartean.
Erakusketa egitasmo berri baten barruan inauguratu duzue. Zer da Artea Merkatuan?
Gaur egun geroz eta jende gutxiagok bisitatzen ditu ohiko galeriak. Artea Merkatuan egitasmoaren helburua da artea pertsonengana gerturatzea, eta horretarako, artea eguneroko lekuetara ekartzea. Leku horietako bat guretzat merkatua da, eta gainera, halako espazio handia duenez, erabaki genuen bertan jartzea lehenbiziko erakusketa.
Bestalde, merkatuan baserritarrak euren produktuak saltzen egoten diren bezala, nahi izan dugu artistak berak ere bere produktuak hemen erakustea, eta prozesuari eta lanei buruzko azalpenak zuzenean ematea bertaratzen direnei.
Artistak bere uzta erakutsiko du, beraz. Zer da erakusketa honekin zuk erakutsi nahi duzuna?
Azken laupabost urteetako lanak bildu ditugu; ez denak. Noski, urte horietan bilakaera garrantzitsu bat egon da, eta zirkuitua jarraituz eta koadro guztiak ikusita, ikusleak berak deskubrituko du garapen horren zergatia.
Iaz Debako Santa Maria elizako klaustroan jarritako zenbait obra ikusi daitezke, esaterako.
Bai, badaude hainbat pieza iazko erakusketa horretan jasotakoak. Pablo Sorozabalen omenez tutu itxurako eskultura batzuk erakutsi nituen bertan. Lau gunetan nituen piezak, eta haietako batzuk daude hemen ikusgai. Bestalde, duela bi urte Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena izan zen, eta horren harira, margolan serie bat egin nuen. Lan horretako lagin bat ere ekarri dut hona.
Eta Diego Velazquezen obrari ere egin diozu erreferentzia.
Bai, Velazquezen Meninak margolanari omenaldia ere egin diot bi lanetan. Beste zenbaitetan, paisaiak sartu ditut. Zumaia ingurukoak, flysch-ak eta halakoak. Izan ere, nire obran presentzia handia du inguruak. Obra abstraktua baldin bada ere, jendea nolabaiteko paisaia batean barneratzen da. Flysch-az gain, Aralarko parajeak ere erabili ditut lan batzuetan.
Modu kronologikoan antolatu al duzu erakusketa?
Sartu eta segituan, ezker-eskuin daude azken hilabeteetan egin ditudanak. Ez dago zentzu zehatz bat zirkuitua egiteko; baina, guztia ikusi ondoren, uste dut puntu batean ikuslea iristen dela garapen hori zergatik izan dudan jakitera.
Zertan antzemango du ikusleak azken urteetako garapen hori?
Denborak agintzen du eboluzio horretan. Niretzat ez da erraza azaltzea. Batetik, duela laupabost urte oso koloretsua nintzen, eta gaur egun figuratiboagora, eta ondorioz, zurira jotzen dut. Orain marrazkiak eta elementu zehatz bereziak sartzen ditut nire obran, eta horretarako kolorea desagertu eta zuria sortzen da. Eta, horren gainean, grafitoa eta elementu berezi horiek agertzen dira.
Nolabait, abstraktu koloretsutik kolorerik gabeko irudi figuratiboago batera jo duzu. Gernika-ri buruzko obra horrek eragin al du eboluzio horretan?
Batez ere, kolorea galdu eta zuria indartu dut marrazkiei eta marrei protagonismoa emateko. Lehen koloreak berak hartzen zuen protagonismo osoa koadroan, eta hori zurituz lortzen dudana da marrei eta marrazkiei indarra ematea. Gernika baino lehen Donostiako Ekain galerian erakutsi nuen serie bat; hemen ere ikusgai dago. Puntu horretan hasi zen
prozesu hori; zuritzeko joera eta gainean elementu figuratibo horiek jartzeko prozesua. Duela bi urte edo. Gernika-ren omenezkoa izan zen behin betiko obra.
Hain justu, Gernika-ko pieza horien ondoan zintzillikatu dituzu obra berriak. Zer motatako Keixeta agertzen da bertan?
Hori norberak ikusi behar du. Nik ikusleak behar duen gutxiengo laguntza emango diot, gustura. Baina esan ohi den bezala, artelan bat ez du egileak bukatzen, ikusleak baizik. Orduan, arrasto batzuk ematen saiatzen naiz, baina ez gehiegi ere. Nahi dudana da ikusleak bere denbora hartzea, eta berak jasotzea behar duen azalpena.
Momentuz sei egun daramatza zure erakusketak Merkatu Plazan. Zer moduzko harrera izaten ari da?
Ostegunean inauguratu genuen, eta eguraldi txarrak lagundu du. Jende asko izan dugu egun hauetan. Egunean ehun lagunetik gora sartu dira, eta horien artean beldurrik ez dutenak hurreratu zaizkit, eta galdetu didate obraz. Interes handia piztu du, eta partaidetza handia izan du. Une hauetan, beldurragatik edo, erakusketa aretoetara ez da sartzen jenderik; badago hesi moduko bat. Hemen, ordea, jendea gerturatu egiten da.
Jendeak ere eskertuko du artista bera in situ egotea.
Bai, ikusleak eskertu egiten du nire presentzia eta nire azalpenak. Gainera, nik neuk obra lantzen dudanean, bakardadean egiten dut, zeharo. Eta, areto batean erakusten dugunean, ikuslearen partetik babesa sentitzen dugu, eta eskertzekoa da hori.