Azkoitian gazte lokalen gutxienekoak adosten hasi dira

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 23a

Azkoitiko Udala gazte lokalen inguruko ordenantza berria egitekotan da, baina bitartean gutxieneko baldintza batzuk adosteko asmoa dute gazteekin. Horretarako lehenengo bilera egin zuten joan zen astean, eta herriko 16 lokaletako 90 gazte inguru elkartu ziren Iñaxio Gorosabel eta Agurtzane Epelde zinegotziekin. Bilerak emandakoarekin «oso gustura» azaldu da udala. Gazte lokalek ez dute egungo araudia betetzen, eta hura aztertu eta udalak egin nahi duen ordenantzaren inguruan hitz egin zuten. Araudi berria egin bitartean, gutxieneko batzuk betetzea ezinbestekoa dela uste du udalak. Besteak beste, lokaletatik kanpo aulkiak edo mahaiak aterata oinezkoak oztopatzen dituztela adierazi zuten, eta musika eta lokalaren ordutegiak eta ateak ere izan zituzten hizpide. Era berean, gazteek dituzten betebeharrez gain, eskubide batzuk ere badituztela gogoratu zuten, eta horiek bermatzeko udalak bere ahalegina egingo duela agindu zien. Udalak azaldu duenez, lokalek ura eduki dezaten araudia aldatzeko prest da. Gazteek, beraien aldetik, euren kezkak eta izan dituzten arazoak azaldu zituzten. Udalaren eta lokaletako gazteen lehenengo bilera izan zen ostegunekoa, eta «elkarlanerako bidea irekitzeko» balioko duelakoan da udala. Jakinarazi dutenez, udazkenetik aurrera gazteekin kontrastatu nahi dute ordenantza, eta horretarako bilera gehiago egingo dituzte. Bileran egon ez ziren gainontzeko lokaletako ordezkariak gonbidatu dituzte, parte hartu dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide