Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Uda garaian kirolaz gozatzeko egun paregabeak izaten direla aprobetxatuz, astebururako Getariako Biatloia antolatu dute 13. urtez. Eskualdeko kirolzale askok egutegian gorriz markatuta izaten dute hitzordua, eta herritarren artean izaten duen harrera onari esker, urtez urte Getarian «indarra hartzen» joan den egitasmoa da. Amaia Iribar antolatzailearen esanetan «herritarren erantzuna ikusita, gure egitekoa izan da ekimen horri jarraipena ematea, eta nolabait, kirola sustatzen jarraitzea».
Duela hamahiru urte antolatu zuten lehen aldiz biatloia, eta hasieratik herritarren artean «harrera oso ona» izan zuela uste dute antolatzaileek. «Urtez urte, parte-hartzaileen kopurua handituz joan da. Azken urteetan, esaterako, 80-90 lagunek hartzen dute parte, gutxi gorabehera».
Herritik kanpora zabaltzen
Azken hamarkadan parte-hartzaileen ezaugarriak ere «aldatzen» ari dira, Amaia Iribar antolatzailearen iritziz. Lehen, getariarrak ziren gehienbat biatloian parte hartzen zutenak, «baina azken urteetan, inguruko herrietatik etortzen diren parte-hartzaileak ugarituz joan dira», nabarmendu du. Hala ere, herritarrek proban parte hartzen jarraitzen dute, eta hori «pozgarria» da antolatzailen iritziz, biatloiaren izaera herrikoia mantentzen baitu.
Oro har «herritarrek gero eta gustukoago» dituzte mota horretako erronkak, eta horregatik inguruko herrietako kirolarien parte hartzea zabaltzen ari dela uste dute antolatzaileek. «Gaur egun, gero eta kirolari gehiago dago, eta horrelako erronketan parte hartzera gero eta jende gehiago animatzen da. Beraz, esan daiteke horrelako ekintzek arrakasta dutela».
Horretaz gain, Getariako Biatloiaren arrakasta igeriketa eta korrikako proba uztartzean egon daitekeela ere uste dute antolatzaileek. Biatloi askotan korrikako eta bizikletako probak egiten dituzte. Getarian, berriz, igeriketako probak garrantzia izaten du, 550 metroko distantzia osatu behar baitute parte-hartzaileek. «Malkorbe hondartzak eta moilak igeriketako proba antolatzeko aukera ematen dute; itsasoa, oro har, bare egoten da, eta ibilbide polita osatzen da. Horrez gain, Getariako Biatloia, herriaren ezaugarriak direla-eta, nahiko proba gogorra da, herria aldapatsua izanik gorabeherak dituelako». Beraz, ibilbidea motza izan arren, erronka polita izaten da kirolarientzat. «Horregatik, komeni da aurrez entrenatuta etortzea», zehaztu du Iribarrek.
Larunbatean izango da kirol hitzordua, eta getariarrak eta eskualdeko herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek. «Garrantzitsuena parte hartzea da, nork bere mailan ahalegina egitea, alegia. Beraz, animatu».
Getariako XIII. Biatloia- Distantzia: 550 metro igerian eta 3.500 metro korrika.
- Ibilbidea: Parte-hartzaileak Malkorbe hondartzatik igerian aterako dira moilako dikeruntz. Portura iristean, portuko eskilaren hasieran dutxatu eta portuko aulkietan arropaz aldatuko dira, eta korrika hasiko dira herrirantz. Herriko kaleetan gora jarraituko dute, eta 3,5 kilometroko itzuli bat egingo dute, lasterketa frontoian amaitzeko.
- Ordutegia: 12:00etan hasiko da Malkorbe hondartzan.
- Parte hartzeko gutxieneko adina: kirolariek gutxienez 16 urte izan behar dituzte proban parte hartu ahal izateko.
- Izena ematea: uztailaren 26an 11:00etan, proba egunean bertan, amaituko da biatloian izena emateko aukera. Izena udaletxean eman daiteke edo 943-896024 telefono zenbakira hots eginda. 6 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek.