Bainujantzia eta txankletak jantzita etorri zen elkarrizketara Kauldi Odriozola, hondartzatik zuzenean. Eskubaloiko Espainiako selekzioarekin joan aurreko egunak «topera» aprobetxatu nahi zituen Pulpoko kideak. Joan den astean bildu zituen Baleike-k Odriozola bera, Sara Torriko eta Ander Olaizola, hirurek Espainiako selekzioaren deia jaso baitute. Odriozola dagoeneko Galizian da, abuztuan Polonian jokatuko duten Europako Txapelketa prestatzen. «Gogorra da pentsatzea lagunak hondartzan daudela, olatuak hartzen, edo parrandan, eta zeu etxetik kanpo egunean hiru entrenamendu saio egiten; baina ilusio handia dut, aukera gutxi izaten dira Europako Txapelketa jokatzeko», esan du Odriozolak.
Txikitatik zeresan handia ematen ari den belaunaldiko kide da Kauldi Odriozola. Aurten lehen urtea egin dute jubenil mailan, eta, hala ere, Euskadiko Txapelketa irabazi dute partidarik galdu gabe. Espainiako selekzioarekin ere badu esperientzia, dagoeneko hiru urte baitaramatza haren deia jasotzen. Baina aurtengoa berezia da, lehen aldiz txapelketa ofizial bat jokatzeko aukera izango duelako. «Oso erronka polita da niretzat. Aukeratutako 16 jokalarien artean nago; Europako Txapelketa jokatzea aukera bikaina da eta aprobetxatu nahi dut». Ahalegina, baina, ez da nolanahikoa: «Uztailaren 30era arte egongo gara Galizian, entrenamendu saio gogorrak egiten. Handik Portugalera goaz, Suedia, Norvegia eta Portugalen aurka torneo bat jokatzera. Abuztuaren 3an bueltatuko naiz Zumaiara, lau eguneko atsedena hartzera. Abuztuaren 8an, Madrilera. Bost egun entrenatzen, eta 13an Poloniara joango gara. Hurrengo egunean jokatuko dugu txapelketako lehen partida». Danimarka, Errusia eta Mazedonia izango dituzte aurkari multzoan, eta lehenengo biak sailkatuko dira final-laurdenetararako. «Oso garrantzitsua da lehen zortziren artean sailkatzea, Mundiala jokatzeko eskubidea ematen duelako».
Torriko eta Olaizola
Laster Espainiako selekzioarekin jokatuko duen Pulpoko beste jokalari bat Sara Torriko da. Infantil mailan talde bikaina du Pulpok –hauek ere Euskadiko txapeldun izan dira–, eta Torrikok Espainiako selekzioan sartzea lortu du. «Guadalajarara deitu gintuzten, kontzentrazio batera. Han bildu ginen 40 bat jokalari. Entrenamendu gogorrak egin genituen, goiz eta arratsalde, eta azkenean 16 onenen artean aukeratu ninduten», azaldu du. Infantil mailan oraindik ez dago txapelketa ofizialik, baina bihartik aurrera Finlandian izango dira torneo bat jokatzen, uztailaren 27ra arte.
Kadete mailan ere badu Pulpok harribitxirik. Ander Olaizolak ekainean izan zuen Espainiako selekzioarekin debuta egiteko aukera, Frantziaren aurka jokatutako lagunarteko partidan. «Abenduan deitu zidaten lehen aldiz, Portugalen partida batzuk jokatzeko. Baina entrenamendu batean min hartu nuen, eta ezin izan nuen debuta egin. Ekainean beste aukera bat izan dut, eta Frantziaren aurka bigarren zati osoa jokatu nuen». Hiru gol egin zituen Olaizolak. Bigarren partidan, ordea, berriro min hartu zuen. «Abenduan bezala, sorbalda atera zitzaidan. Irailean ebakuntza egingo didate, eta hiru hilabete beharko ditut erabat osatzeko».
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide