Amaia Azkueren hiltzaileak Zumarragako zentroan jarraituko du zigorra betetzen

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 22a

Epaileak hartu du erabakia:  Amaia Azkueren hiltzaileak Ibaiondo zentroan jarraituko du zigorra betetzen, Zumarragan.  Ander E.O-k abuztuan 21 urte beteko dituela-eta, lehengo astean egin zuten saioa Adingabeen Auzitegian, Donostian. Bertan itxialdia adingabeen zentroan ala helduen kartzela batean egiten jarraitu behar duen erabakitzeko argudioak entzun zituen epaileak. Javier Zaragoza fiskalak eskatu zuen hiltzaileak Zumarragan jarraitzea zigorra betetzen. Hura aztertu duen talde psikoteknikoaren txostenetan oinarritu da eskaera hori argudiatzeko. Txostenaren arabera, bilakaera «oso positiboa» izan du gazteak adingabeen zentroan dagoenetik.Halaber, azpeitiarra ohiko kartzela batera lekualdatzeak orain arte egindako lana «zapuztuko» lukeela nabarmendu dute adituek, eta hori gertatuz gero litekeena dela gazteak «atzerapausoak» ematea. Era berean, fiskalak gogoratu zuen Adingabeen Legearen helburua adingabea babestu eta hura bergizarteratzea dela. Defentsak ere gauza bera eskatu zuen Ander E.O-rentzat. Akusazioak eskaeraren kontra egin zuen. Epaileak gaztea Zumarragako zentroan mantentzearen alde egin du, gazteak "bilakaera ona" izaten ari dela argudiotuta. Hala ere, urtero aztertuko dute horren egoera, atzerapausorik eman duen ala ez egiaztatzeko. Jarrera aldatzen badu, epaileak kartzela arrunt batera bidali ahalko du edozein momentutan. 2012ko maiatzean eman zuen epaia Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko epaileak: Zumarragako adingabeen zentroan hamar urteko itxialdira eta hezkuntza laguntzarekin bost urteko zaintzapeko askatasunera zigortu zuen, besteak beste. 2011ko martxoaren 16an aurkitu zuten Azkueren gorpua Azpeitian, Ibai Eder urtegian. Abuztuan aitortu zuen azpeitiar gazteak Azkue hil izana, baina ondoren, epaiketa hastean, bertsioz aldatu eta ukatu egin zuen hilketa. Joan den asteko saioan aitortu zuen berriz ere berak hil zuela oriotarra, eta familiari eta orohar, gizarteari barkamena eskatu zion.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide