Gaur eguerdian aurkeztu dute liburua Azpeitian, Sanagustinen. Argazkian Azkoitiko eta Azpeitiko alkateak, liburuaren koordinatzaile Txetxu Urbieta, Alberto Juzdado eta Luis Miguel Landa, eta Andoni Egaña (Miriam Tamayo/Hitza)
«Uste dugu Diegoren izena inoiz ez dela ahaztuko, baina ondorengo belaunaldiek bere izena ezagutu arren, ez lukete jakingo nolakoa zen». Hala arrazoitu du Txetxu Urbieta Euskadi Irratiko kirol zuzendariak argitaratu berri duen liburuaren zentzua. Diego Garcia korrikalari azkoitiarra zenari buruzko liburua idatzi du Urbietak, Garciaren atzean zegoen pertsona eta atleta ezagutarazi eta bere memoriak bizirik jarrai dezan. Gaur aurkeztu dute lana, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean.
Herritar ugariren aurrean egin dute aurkezpena, haren ibilbideko argazkiz eta bideoz osatutako emanaldiarekin hasita. Gero hartu dute hitza Urbietak, Eneko Etxeberria eta Urrategi Alberdi Azpeitiko eta Azkoitiko alkateek, Andoni Egaña bertsolariak, Alberto Juzdado korrikalariak eta Luis Miguel Landa haren entrenatzaile izan zenak. Gehiago edo gutxiago, guztiek ezagutu zuten Garcia, eta haren jarrera adeikorra azpimarratu dute.
Talde lanean egindako lana izan da Diego Garcia liburua. «Jende askori esker egin dugu proiektua», esan du Urbietak. Hasieratik herri ekimeneko proiektu bat izatea zen euren asmoa, eta hala gauzatu dute; inguruko 215 eragilek egin dituzte ekarpenak: enpresek, ikastetxeek, saltokiek... hartu dute parte, eta crowdfounding bidez finantzatu dute; 52 norbanakok jarri dute euren alea, liburuan euren izen-abizenak azaltzearen truke. Era berean, korrikalariaren gertuko 34 lagunen kontakizunen bidez osatu dute liburua. «Ez genuen nahi proiektuaren zama gutxi batzuengan geratzerik», gaineratu du kazetariak.
Urbietaren arabera, Garciaren inguruko liburu ugari egin zitekeen, «Diegok askorako ematen zuelako». Baina emaitza bat eta bakarra da, eta esku artean dute orain. «Kalitate handiko» liburua, «modernoa eta irakurterraza» egin dute, eta haren ibilbide profesionala eta arlo pertsonala 200 argazki baino gehiagorekin osatu dute. Atzotik salgai da
200 orri baino gehiagoko liburua, Azpeitiko Aradi saltokian eta igerilekuan, eta Azkoitiko kiroldegian eta Plaza Berri Sport dendan. Irabazi asmorik gabeko proiektua izan da, eta beraz, gastuak berdindu ondorengo irabaziak Gobernuz Kanpoko Erakunde batera bideratuko dituzte.
Hogei urte bete dira azkoitiarrak zilarrezko domina lortu zuenetik Europako maratoi txapelketan, Helsinkin (Finlandia). Podiuma partekatu zuen Martin Fiz eta
Alberto Juzdadorekin, eta azken honek hunkituta esan du Garcia «guztia» zela beretzat. Anaia txikitzat zuen azkoitiarra, berarekin «garai ahaztezinak» bizi izan baitzituen. Juzdadok bezala, Landak ere oso gertutik ezagutu zuen korrikalari ezaguna. Haren entrenatzailea izan zen, eta aitortu du korrikalari berezia zela beretzat. Landaren ustez, hiru ardatz izan behar ditu korrikalari on batek; gogoa izatea, balio izatea eta ahal izatea, eta Garciak guztiak betetzen zituen. «Korrikalari bikaina zen, aurkitzeko zailak diren horietakoa».
Laguna, anaia
Garciaren «idolo kuttunena»
Andoni Egaña bertsolari zarauztarra zen. Urbietaren arabera, Garciak sarri esaten zuen honakoa: «Ederra da txapeldun olinpiko izatea, baina ederrena izango da Euskal Herriko Bertso Txapelketako txapelduna izatea». Bertsozalea zen Garcia, eta hamaika aldiz aritu izan ziren elkarrekin bertsotan; «kirol arloan gogorra zen, baina lagunartean biguna zen, umila», azaldu du bertsolariak. «Laguna nuen, eta oraindik ere Loiolatik pasatzen naizenean ezin izaten dut eskulturari begiratu gabe igaro. Hasieran triste jartzen nintzen, baina orain irrifarra sortzen zait, Diegorekin pasatako uneak gogoratuz».
Bi herrietako udalek babestu dute proiektua, eta alkateek azpimarratu dute Garcia ezagutzen zuten guztiek maitasun hitzak dituztela. Hain zuzen, liburutik atera daitekeen ondorioetako bat izan da hori: «Guztientzat berdina zen Diego».
2001ean hil zen, bihotzekoak emanda. Ordutik, askotariko omenaldiak egiten dizkiote urtero, baina halako lan bat egitea zor ziotela azpimarratu zuten atzo. Horregatik, liburua inprimatu bezain pronto, hilerrira joan eta Garciari eman zioten lehen alea. Familiari dioten esker ona erakusteko asmoz, haren amari eta arrebari ere eman dizkiete liburuak. Proiektua ez dago guztiz amaituta, ordea. Hurrengo urratsa
www.diegogarcia.info webgunea elikatzen hastea da. Korrikalariaren argazki eta bideoak erakusteko asmoa dute bertan.