50 urte bete ditu gaur Zarauzko goiko kanpinak

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 18a

    Omenaldiko une bat (Amaia Ventas/Hitza) Festa egin dute gaur Gran Camping Zarautzen, horren 50. urteurrena ospatzeko. Bertan bildu dira goiko kanpina ireki zuten Makazaga senitartekoak, eta baita haien oinordekoak ere. Zarauzko Udaleko ordezkari batzuk ere han izan dira. Mikel Elortzak, kanpineko presidenteak hitza hartu du ekitaldiaren hasieran. Gurasoei eskerrak eman dizkie, bertan egoteko "aukera eman izanagatik". Esan du mende erdia igaro dela "ausart horiek ideia berezia" izan zutenetik, Zarautzen kanpina irekitzea erabaki zutenetik, eta haiek izan zuten meritua aitortu du. Hori dela eta, haren senideek sortutakoa ondorengo belaunaldikoek ez "hondatzea" espero duela nabarmendu du. Izan ere, egitasmoaren lehenbiziko urteak "gogorrak" izan zirela gogoratu du, eta pixkanaka egonkortzen joan zela Gran Camping Zarautz. Hain zuzen, duela bost hamarkada 500 bat bezerori ematen zien ostatu goiko kanpinak, eta egun 30.000-35.000 pertsona hartzen ditu. Hori dela eta, beste 50 urte hala jarraitzea espero dute senitartekoek, eta zarauztarrak kanpinaz "harro egotea", kanpineko sendia zarauztarrez "harro sentitzen" den bezala. Gero, aurreskua egin diete bi dantzarik kanpinaren sortzaileei. Ondoren Elortzak lore sorta eta oroigarri bana eman dizkie Makazagatarrei, eta amaitzeko Xabier Euzkitzek pare bat bertso abestu dizkie. Bertaratu direnek festa giroan amaitu dute urteurreneko ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide