Berritasunekin dator aurtengo Azpeitiko Errekortari Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 19a

Azpeitiko Errekortari Txapelketa Nagusiaren aurkezpena, atzo zezen-plazan (Nerea Uranga/Hitza) Iaz bezala, aurtengo Errekortari Txapelketa nagusia uztailaren 25ean izango da, 18:30ean, Azpeitiko zezen plazan. Aurtengo txapelketa berritasun batekin dator: kanporaketa bidezko txapelketa izango da. Hau da, aurrekanporaketak eta bi errekortadore onenen arteko buruz buruko finala jokatuko dira. Aurtengo txapelketako formatu berria Zaragozan eta beste hainbat herriko zezen plazetan martxan jarritakoa da. Honela izango da txapelketa: hamabi errekortariak lau laguneko multzoetan banatuko dira, eta talde bakoitzari zezen bat egokituko zaio. Talde bakoitzeko bi errekortadore onenak txapelketako hurrengo aldira pasatuko dira, eta gero hiru partaidez osatutako bi talde ariko dira. Azkenik, talde bakoitzeko onenak, buruz buruko finala jokatuko dute. Zezen Beltz elkarteak eta Toropasion enpresak antolatutako ikuskizuna da. Antolatzaileen esanetan, gaur egungo hamabi errekortari "onenek" hartuko dute parte sei zezen "ikusgarriren" aurrean: "Ezaugarri ezberdinak dituzten errekortariak lotzen saiatu gara, jauzi, izkintxo eta errekorteetan onenak diren gazteak". Ganadutegi ezberdinetako zezenak egongo dira ikusgai txapelketan: Juan Pedro Domecq jatorria duten Jimenez Pasquauko hiru zezenek irekiko dituzte aurrekanporaketak. Gero, La Campana ganadutegiko bi zezenek emango diote segida ikuskizunari. Txapelketako finalean Julio Aparicioren zezen beltz bat izango da protagonista. Antolatzaileen esanetan, zezenei garrantzia eman nahi izan diete aurtengo errekortadore txapelketarako. Hainbat lekuetako errekortadoreak Honakoak dira aurten Azpeitian parte hartuko duten euskal errekortariak: Arabatik Sergio Valle eta Baionatik Mika Romero. Madriletik (Espainia) Jonatan Estebanez, Sergio Delgado, Paquito Murillo eta David Ramírez etorriko dira; Zamoratik (Espainia) Victor Holgado eta Dany Alonso datoz; Castellotik (Herrialde Katalanak) Dani Rubio eta Juan Domingo Sancho Polvorilla; Valentziatik (Herrialde Katalanak) Andres Civera eta Juan Nieto datoz. Sarrerak dagoeneko salgai Txapelketa ikusteko zenbakidun sarrerak Azpeitiko udaletxe azpian eros daitezke ondorengo egunetan: uztailaren 19an eta 20an, 12:00etatik 14:00etara. Honakoa izango da sarreren prezioa: hesian 25 euro, gradako eta palkoko lehenengo ilaratan 20 euro eta palko orokorrean 15 euro. Sarrera orokorrak, hau da, zenbatugabeak, ondorengo tabernetan eros daitezke: Azpeitiko Pastorkua, Juantxo Txiki, Iraurgi SB, Ametsa, Harzubia, Eguzkitza, Azpeitia, Etxe Zuri, Jim Clark eta Kantoi tabernetan, eta Azkoitian Elurre tabernan. 0-4 urte bitarteko umeentzat sarrera doan da; 5-14 urte bitarteko umeek 10 euro ordaindu beharko dute, eta 15 urtetik gorakoek 15 euro. Hala ere, txapelketako egunean bertan sarrerak erosteko aukera egongo da zezen plazako leihatilan arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Antolatzaileek sarrerak aurretik erostea gomendatu dute. Xehetasun gehiagorako kontsultatu ondorengo webgunea: www.zezenbeltz.com

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide