Azpeitiko Santio Eguneko sagardo txapelketaren aurkezpena (Olatz Prat/Hitza)
Datorren ostiralean, uztailak 25, Santio eguna ospatuko da Azpeitian urtero bezala. Eguerdi partean jendez beteko dira berriro ere plaza eta inguruak. Aurten hainbat txapelketa jokatuko dira egun horretan, sagardo txapelketa, gaztarena eta Euskal Herriko Blonda txapelketa hain zuzen.
Euskal Herriko sagardo lehiaketa zaharrena denak 42 urte beteko ditu aurten. Eta oraingoan ere 23 upategik hartuko dute parte, arkupeetan ez baitago gehiagorentzako tokirik. Bi txapelketa jokatuko dira aldi berean. Batetik, zortzi lagunez osatutako epaimahaiak aukeratuko du euren ustez hoberena den sagardoa, eta bestetik, Azpeitiko elkarteetako kideek postuz postu dastatuko dituzte sagardoak eta euren gustukoena aukeratuko dute. Noski, herritarrek ere sagardo horiek guztiak dastatu ahal izango dituzte. Horretarako edalontzia 3 euroren truke erosi ahal izango da eta sagardoa gastatu artean behintzat, nahi adina trago hartzeko aukera izango dute. 3.000 botila pasa eta 30.000 trago inguru ateratzea aurreikusten dute antolatzaileek, aurreko urteetan bezala. Loiolatxo, Landeta eta Goikari elkarteek, Azpeitiko Udalaren, Añota Sagardotegiaren eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin antolatutako txapelketa eta dastaketa izango da.
Sagardoari laguntzeko, atun eta txahal pintxoak eskainiko dira, gainera, plazan. 1,5 eurotan salduko dira eta horietatik ateratzen den dirua gizarte laguntzara bideratuko da, beti bezala.
Horrez gain, 26. Gazta Txapelketa ere jokatuko da. Idiazabal eta Artzai Gazta izendapenetako gaztak aurkeztuko dira txapelketara.
Aurten blonda txapelketa
Bi urtez behin egiten den Euskal Herriko Blonda ganadu txapelketa jokatuko da aurten. Hemeretzigarren ekitaldia izango da eta Euskal Herri osoko baserrietatik etorriko dira Azpeitira. 85 buru aurkeztuko dira guztira txapelketara, Azpeitiko hiru baserritakoak, Orio, Aretxabaleta, Gernika eta Markinako hainbat aberekin batera. Udalak eta Foru Aldundiak antolatzen du txapelketa hau.