Orioko plaza ixtean baimenik gabe Goiko Kalera sartzen diren ibilgailuek 80 euroko isuna jasoko dute

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 17a

Goiko Kalera baimena duten ibilgailuek bakarrik sartu ahal izango dute abuztuaren hasieratik aurrera. (Aiora Larrañaga/Hitza) Goiko Kalean ibilgailuen joan-etorria murrizteko semaforo bat jarriko du Orioko Udalak  Iturbide kalean, eta plaza autoentzat ixten denean jarriko dute martxan. Semaforoak ez du barrerarik izango, anbulantziek, suhiltzaileek edo estuasunean dauden herritarrek larrialdi egoeran eremura iristeko arazorik izan ez dezaten. Dena dela, joan-etorria kontrolatzeko bertatik pasa nahi duten ibilgailuen matrikulak irakurriko ditu semaforoak, pasatzea baimendu ala ez jakiteko. Goiko Kalera pasatzen utziko zaie Oan, Urdairen, Kale Nagusian nahiz Iturbide 1 eta Antxiola 19 bitartean bizi diren bizilagunen autoei. Iturbide 7 eta Iturbide 13 etxepeetako eta Goiko Kaleko haur-parkearen azpiko garajeen erabiltzaileei ere bai. Goiko Kalen bizi ez diren arren, pertsonen zaintzan ari direlako pasaera behar duten pertsonei eta larrialdian, estuasunen bat dutelako Goiko Kalera lehenbailehen iritsi behar duten herritarrei ere utziko zaie pasatzen. Gainontzeko ibilgailu guztiek debekatuta izango dute pasaera, eta semaforoa gorrian pasatzen dutenei zirkulazio ordenantza aplikatuko zaie, eta 80 euroko isuna jasoko dute, seinalea ez errespetatzeagatik. Beraz, abuztu hasieratik aurrera baimenik ez duten ibilgailuek plaza itxita dagoenean Txanka-Hondartzako errepidea erabili beharko dute, eta Goiko Kalera joan nahi dutenek, berriz, San Martin bidetik sartu beharko dute. Udaletik adierazi dute Herriko Plaza asteburuetan ixten hasi zirenetik "izugarri hazi" dela autoen ibilia Goiko Kalean, eta horrek arazoak sortzen dizkiela bizilagunei: "Autoen abiadura handiegia da, oinezkoen eta bizilagunen segurtasuna ez da bermatzen, zarata etengabea da eta zorua kaltetu egiten da, besteak beste", zehaztu dute. Hasieratik, udalak herritarrei jakinarazi die plaza autoentzat itxita dagoen egunetan Txanka-Hondartzako bidea erabili behar dela herritik ateratzeko, "seinaleak jarri ziren eta komunikazio-lana egin da; baina, hala ere, Goiko Kaletik pasatzen diren autoen kopurua ez da gutxitu", nabarmendu dute. Horregatik, arazoari irtenbidea emateko hainbat aukera aztertu ditu Obra eta Zerbitzuetako batzordeak, eta ekainaren 5ean egindako bileran Bildu eta EAJ udal taldeen aldeko botoekin Iturbide kalean semaforoa jartzea erabaki dute. Matrikulen erregistroa, Udaltzaingoan Abuztuaren hasieran jarriko dute martxan semaforoa, eta ordurako dena prest izan dadin udalak jakinarazi dute Goiko Kaleko haur-parkearen azpiko garajeen erabiltzaileek Udaltzaingotik pasa behar dutela matrikulak ondo jasota daudela ziurtatzeko. Baita, pertsonen zaintzan ari direlako pasaera behar dutenek ere, bertan matrikularen erregistroa egingo baitiete.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide