Zestoan jokatuko dute aurten ere Dinastia Etxabe pilota txapelketa

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 18a

Zumaiako Kirol Elkarteak antolatuta, aurten ere Zestoako pilotalekuan jokatuko da XLIII. Dinastia Etxabe Pilota Txapelketa. Eskuz binakako partidak izango dira, eta bi mailatako pilotariek hartuko dute parte: guztira nagusien mailako hamabi bikotek eta jubeniletako zortzi bikotek jokatuko dute txapelketa. Hilaren 25ean hasiko da txapelketa, eta orduan eta abuztuaren 1ean jokatuko dira aurrekanporaketak. Final laurdenak eta finalerdiak, berriz, abuztuko astearteetan eta ostegunetan izango dira, eta finala abuztuaren 28an jokatuko da. Partida guztiak gaueko 22:00etan izango dira Zestoako pilotalekuan. Txapelketarako sarrerak eta bonuak uztailaren 25tik aurrera egongo dira salgai Zestoako pilotalekuko leihatilan. Txapelketan parte hartuko duten jokalarien artean, eskualdeko  honako lau lagunek lehiatuko dute: Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo pilotari azpeitiarrek eta Adonis Gelis eta Unai Salegi zestoarrek. Hurrengo urtean, non? 2007ko azaroan Odieta bota zutenetik pilotalekurik gabe da Zumaia, eta horregatik Dinastia Etxabe pilota txapelketa Zestoan jokatu da azkenengo urteetan. Mikel Arregi Ertxin Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehendakariak esan duenez, nahiz eta Zumaiako pilotaleku berria amaituta egon, hurrengo urtean ere txapelketa Zestoan jokatzeko aukera dago: «Oraindik ez dakigu nola egingo den, baina Zumaiako elkartearekin akordio bat dugu. Beharbada zenbait partida Zestoan jokatuko dira, eta beste hainbat Zumaian. Oraindik ez dugu erabaki». Aurtengo txapelketako partida guztiak Zestoan jokatuko dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, pilotariek euren baimenak eraman behar dituzte partidetara. Gainera, partaideren batek egokitutako egunean ezin badu jokatu, ahal bezain laister bere ordezkariari edo antolatzaileei jakinarazteko eskatzen zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide