Loiolan zabaldu duten informazio bulegoa.
Iraurgi Berritzen agentziako Turismo Sailetik koordinatzen eta kudeatzen den Bost Geltoki Historian egitasmoaren informazio, sustapen eta salmenta puntua zabaldu zuten atzo Loiolako Santutegiko ingurunean. Abuztuaren 31ra bitartean egongo da zabalik, asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara. Apirilaz geroztik zabalik dagoen Turismo Bulegoaren osagarri izango da informazio puntu hau.
Forfait sistema bidez
Bost Geltoki Historian egitasmoak eskualdeko bost museo edo txoko ezagutzeko aukera ematen du, prezio eta abantaila hoberenekin. Zumaiako Algorri Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa, Zestoako Ekainberri Museoa, Zestoako Lili Jauregia, Azpeitiko Loiola Santutegia eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa dira geltoki horiek. «Publikoari bidaia bat egiteko aukera eman nahi zaio zentzu bikoitz batean: bidaia geografikoa, Zumaiatik Azkoitiraino Urola bailara zeharkatuz, eta bidaia historiokoa, historiako zenbait aro, pertsonaia eta momentu ezagutzeko», diote antolatzaileek.
Aurreko urteetan bezala, forfait sistema bitartez funtzionatuko du. Hala, forfait hori 10 euroren truke erosi ahal izango da. Prezioa bost museotako sarrera prezioen erdia da. Forfaitarekin museoetarako sarrera eta lau tabernatan pintxoa eta edari bat hartzeko aukera egongo da 2 euroren truke, Kiruri (Loiola), Oinatz (Azpeitia), Fati (Zestoa) eta Kresala (Zumaia) tabernetan, hain zuzen.