Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko astean Azpeitiko Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo zinegotzi Iñaki Portillak adierazi zuen beharrezko zela, Trenaren Museoak Azpeitian jarraitzeko, hitzarmen bat erdiestea Eusko Jaurlaritzarekin.
Horren harira, Azpeitiko EAJ taldeko bozeramale Aitor Gorrotxategik adierazi du «museoak Azpeitian jarraitu ala ez zalantzan jarri zuten bakarrak aurreko agintaldian Trenaren Euskal Museoaren gidari zirenak» izan zirela, «Iñaki Arriola eta Ernesto Gasko sozialistak buru zituztela». Era berean, ondorengoa esan du: «Orduko patronatuaren erabakiak ez zituen inoiz zalantzan jarri Udalak Partonatuan zuen ordezkariak, Eneko Etxeberria alkateak».
Jeltzaleak esan duenez, alkateak «bere botoarekin babestu egin zituen hainbat erabaki, besteak beste kudeaketan esperientziarik ez zuen zuzendari berri bat kontratatzearena». Epealdi horretan museoaren bisitariak «erdira jaitsi» zirela eta «diru sarrerak neurri berean murriztu» zirela adierazi du EAJk. «Eta ez alkateak, ez Portilla jaunak, ez zuten zalantzan jarri zuzendari horrek museoan egindako kudeaketa».
EAJren hitzei erantzun die Portillak: «Trenaren Museoaren kudeaketa eta bertako gehiengoa Eusko Jaurlaritzarena izan da beti, eta Azpeitiko Udalak hor ardura zuela esatea erabat faltsua da. Eusko Jaurlaritzak hartu ditu beti museoaren inguruko erabakiak, eta zuzendaritza hura hautatzeko erabakia aurreko agintaldian hartu zen, Azpeitiko alkatetza EAJren esku zegoenean, hain zuzen ere».
Portillak adierazi duenez, «egia bakarra da Museoaren proiektu oso bat izatetik, trenean bakarrik oinarritzen den museo bat izatera pasatu dela» eta Eusko Jaurlaritzak aurrekontua «500.000 eurotan murriztu» duela.
Dena den, gaur egun museoa «ondo» doala nabarmendu du EAJk, eta Bilduren gobernuak turismoa sustatzeko egin ditzakeen «ekimen benetako eta zehatzetan laguntzeko prest» agertu da, «Azpeitiak turismoarentzat erakargarri dituen beste eraikinek ateak zabalik eduki ditzaten».