Tabu diren gaiak askatzen

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 18a

Esther Fernandez eta Maite eta Itziar Elias Zuondoan proiektuko kideak (Miriam Tamayo/Hitza)

Itziar eta Maite Elias azkoitiarrek, Esther Fernandez arrasatearrak eta Mikel Yerobi zarauztarrak osatzen dute Zuondoan proiektua. Tabuak edo estigma moduan dauden gai sozialak lantzea dute helburu. Iaz Gu ere harrera familia gara dokumentala aurkeztu zuten eskualdeko hainbat herritan, eta harrera familiei buruzko antzezlan bat ere prestatu zuten. Hau guztia, doan egin zuten: «Honekin ez dugu etekinik ateratzen. Gure proiektua zabaltzea dugu helburu», argitu nahi izan du Itziar Eliasek.

Oraingoan minbiziaren eguneroko borroka azaltzen duen dokumental bat egin nahi dute: «Minbizia izan duten pertsonengana hurbildu, gerturatu eta elkarrizketak egitea nahi dugu beraien eta euren familien bizipenak jasotzeko asmoz», adierazi du Fernandezek. «Normalean jendea ez da ausartzen minbizia duen pertsona bati gaixotasunari buruzko galderak egitera. Baina, beharbada, gaixotasun hura bizi izan duen pertsona batek badu bere bizipenak azaltzeko gogoa, eta bizitako guztiari alde positiboa ateratzen dio», azaldu Itziar Eliasek. Zuondoan proiektukoek diotenez, minbizia jasan dutenen bizipenak gainerako pertsonentzat baliagarriak izan daitezke. Izan ere, jendea identifikatuta sentitu daiteke: «Agian dokumentala ikusteak adorea emango dio minbizia duen pertsona bati, eta alde horretatik, oso positibo ikusten dugu dokumental hau egin ahal izatea», azpimarratu du Maite Eliasek. Crowdfunding kanpaina Dokumentala egin ahal izateko, Zuondoan proiektukoek finantzazioa behar dute: «Crowdfunding kanpaina bat daukagu martxan Interneteko Karena euskal plataforman», argitu du Esther Fernandezek. Bertan 10, 20, 50, 100 edo 200 euroko diru laguntzak eman daitezke, eta ekarpen horiek egiten dituztenei dokumentalaren DVDak banatuko dizkiete sari moduan. Enpresek eta elkarteek ere parte har dezakete dokumentalean: «Proiektuaren ateak zabalik dauzkagu laguntza eskaini nahi duen ororentzat; bai dirua eskaini nahi duenarentzat, bai lana eskaini nahi duenarentzat», adierazi dute Fernandezek eta Elias ahizpek. Zuondoan proiektuari laguntzeko, www.karena.eu webgunera joan eta Minbizia eta eguneroko borroka izeneko proiektuan klik egin behar da. Webgunean erregistratu eta bakoitzak nahi duen ekarpena egin dezake. Hala ere, crowdfunding eremutik kanpo ere laguntza eskaini daiteke proiektu honetan: «Norbaitek ez badu bide hori erabili nahi, gurekin jar daiteke harremanetan Zuondoan webgunearen bitartez (www.zuondoan.com)», azpimarratu du Itziar Eliasek. Harrera familien gaia Iazko lanarekin gustura dira Zuondoan proiektukoak. Gu ere harrera familia gara dokumentala egin eta hainbat herritan zabaldu zuten: «Aurreko dokumentalaren helburua harrerako familien gaia zabaltzea zen, eta helburua bete zela uste dugu. Harrera familien elkarteek esan dutenez, dokumentalaren ondorioz dei gehiago jaso dituzte harrerako umeen egoeraz galdetzeko. Herri askotan lan oso ona egin dela uste dugu», adierazi du Itziar Eliasek. Proiektuko kideek esan dutenez, harrerako familiak «etxe barrutik» erakutsita beste modu batera zabaldu daiteke mezua. Iazko proiektua oso positiboa izan zela iritzi diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide