Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Tako Zarautz egitasmoa ere bigarren urtez izango da Sortaldea Kultur Eremuan. 2013ko Aste Santuan jaio zen argazkilaritza, euskal diseinu garaikidea eta artea herritarren artean sustatzea helburu duen ekimena, eta pasa den udan bezala, aurtengoan ere Zarautzen izango da herriko argazkilarien lanez osatutako bildumarekin. Takoak arte objektu berritzailea dira, «20 zentimetroko azalera eta 4 zentimetroko lodiera duten zurezko piezak dira, eta bertako artisten lan bat daramate imprimatuta», zehaztu dute.
Egitasmoaren arduradunek azaldu dutenez, 170 takoz osatutako bilduma aurkeztuko dute aurten, eta irailaren 15a arte ikusgari izango da Sortaldea Kultur Eremuan. «Horietatik 70 inguru pasa den udan gehien saldutako takoak izango dira, eta beste ehun irudi berri aurkeztuko ditugu. Argazkilari berriak gehitu dira proiektura, eta horrela bilduma aldatzen joatea eta hobetzea lortu dugu», adierazi dute.
Arte euskarri berritzailea pixkanaka-pixkanaka zabaltzen ari da, eta egun museo garrantzitsuetan aurkitu daiteke: «Madrilgo Prado Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan eta La Caixa Fundazioan, besteak beste. Eta etorkizunari begira nazioartera saltoa ematea da asmoa». Hala ere, zarauztarrek arte mota hortaz gotzatzeko ez dute urrutira joan beharrik, «Tako Zarautz ekimenari esker Zarauzko argazkilarien lanekin inoiz osatu den erakusketa handienaz gozatzeko aukera izango baitute herritarrek».
Uztailaren 1ean Sortaldea Kultur Eremuak ateak ireki zituen uda garaian zarauztarrak eta bisitariak kulturan murgiltzeko asmoz. Egitasmoa martxan dagoen hirugarren uda da aurtengoa, eta liburuak, irudiak eta sormena protagonista izango dira beste behin Zarauzko itsas pasealekuan. Aurreko bi urteetan Garoak kudeatu du ekimena, baina aurten Conunpuntomas.com wegbuneko arduradunek irabazi dute Zarauzko Udalak Sortaldea kudeatzeko ateratzen duen lehiaketa publikoa. Eskuz aldatu bada ere, Sortaldearen muina bizi-bizirik dago eta tarte bat izango dute Liburu Irekia Daniel Txopitea Bekaren irabazle Iago del Reyren proiektu artistikoak eta Juan Luis Mendizabal Mendi-ren liburutegiak eta lanak. Horretaz gain, sormen tailerrek toki berezia izango dute aurtengo udan. Goizetan haurrentzat tailerrak egingo dituzte eta arratsaldeetan, berriz, helduek aukera izango dute besteak beste sushia, serigrafiak edo kandela usaintsuak egiten eta larrua lantzen ikasteko.
Tako Zarautz. Argazkilariak: Lore Agirrezabal, Abar Aranburu, Gabi Aymat, Joxemai Azkargorta, Pablo Azkue, Saioa Cano, Iñaki Caperochipi, Fermin Etxeberria, Aitor Juaristi, Gorka Lasa, Gillen Usandizaga, Iñigo Saiz, Ramon Serras eta Imanol Sorazu.