Elkarrekin eskualdea eraldatzen lelo hartuta, Iraurgi Berritzeneko Ezagutza Sarearen barruko XII. Kudeaketa Topaketa egin dute gaur Azpeitiko Sanagustinen. Urola Erdiko hamasei enpresa, lau ikastetxe, Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariek eta teknikoek hartu dute parte. Horiez gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza diputatu Jon Peli Uriguen ere bertan izan da, eta Iraurgi Berritzenen lan lerroak aldundiaren ildo estrategikoekin uztartuta daudela adierazi du.
Topaketan, gaur egun Iraurgi Berritzenen bidez martxan dauden proiektuak aurkeztu dituzte. Gero, Iraurgi Berritzenek enpresa, hezkuntza eta erakundeekin garatu beharreko lan lerroen gaineko ekarpenak bildu, eta, bukatzeko, denen artean Iraurgi Berritzenen ekintza lerroak lehenetsi dituzte: Gaur egungo prestakuntza egokitzea, etorkizunerako beharrei egokitzeko eta eredu berritzaileak ezarriz. Bestetik, bailararen ehun ekonomikoa ziurtatzeko, enpresetan dibertsifikazioa eta elkarlana bultzatzea. Horretarako, kudeaketa eredu parte-hartzaileak bultzatzen segitzea beharrezko jo dute. Eta, erakundeei, agintaldietatik harago, epe luzeko proiektuetan inplikatzea eta parte hartze aktiboa izatea eskatu diete. Horrez gain, garatzen diren politika desberdinen arteko koordinazioa nabarmendu dute.