Zumaiako mugarriak lotzen dituen egun osoko mendi buelta egingo da larunbatean, goizeko 7:30ean hasita –Ardantzabidetik abiatuko da, parrokia paretik–. Zumaiako mugetatik atera gabe abentura eder bat bizitzeko aukera bikaina da, Zumaiako hamaika leku ezkutu ezagutzeko aukera ematen du eta.Inguruko herriekin alderatuta Zumaia azalera txikiko herria den arren, bere mugen barruan badaude hamaika txoko eder ezkutuan. 2011tik urtero egiten den mugarrien ibilbidea da haiek ezagutzeko aukerarik onena, Zumaiako muga lerroari jarraitzen dion 32 kilometroko ibilbidea. Egun osoko abentura herritik atera gabe. Imanol Azkueri bururatu zitzaion ideia, anaia Xabierrekin batera Zumaiako toponimia aztertzen ari zirela. “Zumaiako mugei buruzkoa izan zen liburuko ataletako bat. Zumaiak inguruko herriekin dauzkan mugak ikusita, pentsatu nuen denak ibilbide batean lotzeko aukera zegoela”, azaldu du Imanol Azkuek. Pentsatu eta egin. Aldundiak mugei buruz daukan informaziotik abiatuta, mugarriak lokalizatu eta haiek lotuko zituen ibilbidea marrazteari ekin zion. “Batera eta bestera ibili nintzen mugarrien bila. Azkenean 17 aurkitu nituen eta haiekin osatu nuen lehen ibilbidea”. Ibilbidea prest, 2011ko udazkenean luzatu zuen proposamena baleike.com-eko komunitatean daukan Ateki blogean. Deialdia luzatu, hitzordua jarri, eta 20 bat lagun bildu ziren lehen aldi hartan. “Euria gogotik egin zigun, egun osoan, baina parte hartu zuen jendearentzat esperientzia ederra izan zen. Ez dakigu zer daukagun etxean [...]