Maiatzaren 1ean ireki zuen Zarautz Balea igeriketa taldeak 44. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian izena emateko epea. Maiatzaren 7rako 2.000 igerilarik zuten izena emanda, eta ondorioz itxaron zerrenda zabaldu zuten, beste 130 pertsonentzat. Hori ere egun bakarrean bete zen. Segurtasuna bermatzeko, ordea, aurten ere muga jartzea erabaki du igeriketa taldeak. Hala, 2.000 igerilari lehiatuko dira igandean. «Ezin da kalkulatu parte hartzeak mugarik ez balu zenbat igerilarik emango luketen izena, baina ziur 3.000ra iritsiko liratekeela», adierazi du Jabier Lizaso Baleako kideak. Izan ere, «sona handiko» proba da: «Estatu mailan ez dut ezagutzen hainbeste parte-hartzaile dituen itsas probarik».
11:00etan hasiko dute infantilek proba. Horiek 800 metro egingo dituzte igerian. Zarauzko hondartzatik hasiko dira, eta uretan jarritako bi buien inguruan buelta emanda itzuliko dira berriz ere hondartzara. 12:00etan ekingo diote helduek probari. Getariako portuko Ama Birjinetik irtengo dute horiek, eta 2.850 metro egingo dituzte igerian, Zarauzko hondartzaraino.
1.800 parte-hartzaile direnez, bost multzotan aterako dira, mailakatuta. Lehenbizi txano belzdunak irtengo dira, proba 45 minutuan baino gutxiagoan egin dezaketenak, alegia. Lehen txanda horretan 130 igerilari izango direla kalkulatu du Lizasok, 105 gizonezko eta 25 emakumezko. Ondoren ekingo diote probari txano berdea daramaten 250 bat parte-hartzailek (52 minututik behera behar dutenak), eta ondoren zurikoak (2.850 metroak 52 minutu eta ordubete artean egiten dituztenak), guztira 375 lagun.
Azkenik, proba hori inoiz egin ez dutenak eta ordubetetik gorako denboran bukatu dutenak irtengo dira, txano laranja eta urdinarekin.
%25 emakumezkoak
Parte-hartzaileen artean, gehienak euskal herritarrak (%70) dira, eta gainontzekoak Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik (Madrildik eta Errioxatik, besteak beste) etorriko dira. Horien artean, Carlos Santana aipatu du Baleako kideak. Itsas zeharkaldia «hasiera-hasieratik eta etenik gabe» egin du hark: 44 urtez, hain zuzen. Santanak 74 urte ditu egun. Era berean, emakumezkoen artean igerilari gazteena nabarmendu du Lizasok: Nora Zabala zarauztarra. Iaz estreinakoz egin zuen helduen proba, 14 urterekin, eta txapel beltzarekin, azkarrenen multzoan lehiatuko da aurten.
Horiez gain, «ezusteko lehiakideren bat» izango dela ohartarazi du, eta litekeena dela horrek orain arteko marka haustea. 2006an jarri zuten itsas zeharkaldiko marka Gorka Ripa barakaldoarrak eta Ainhoa Oñatibia donostiarrak. Lehenak 32 minutu eta lau segundotan egin zituen igerian 2.850 metroak, eta bigarrenak 35 minutu inguruan.
Igerilarien %25 emakumezkoak direla nabarmendu du Lizasok. «Emakumezkoen artean arrakasta handia izan ohi du proba honek. Batez beste, lau igerilaritik bat emakumezkoa izan ohi da urtero. Oso gutxitan gertatzen da hori», zehaztu du. Eguraldiari dagokionez, itsasoa «aldakor» egongo da egun horretan, «baina ez da marea txarra izango».
Txipak eta autobusak
Igerilariek gaur eta bihar jaso ahalko dituzte txipak, Zarauzko udal kiroldegian, 10:30-13:00 eta 17:00-20:30 bitartean. Igandean bertan ere Munoan banatuko dituzte horiek. Hala ere, aurrez hartzeko gomendatu du Lizasok. Zarauztik Getariako moilara, irteera puntura joateko hainbat autobus jarriko ditu igeriketa taldeak iganderako. Horiek 09:30etik 11:00etara joan eta etorri ibiliko dira, etengabe. Bi udalerrien arteko errepidea ordurako konponduta egongo dela espero du Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik; biharko lanak amaituta egongo direla aurreikusi du.
Alkateak eta Aser Lertxundi Kirol zinegotziak eskerrak eman dizkiete Lizasori, Balea taldeari eta boluntario guztiei, izen handik proba hau urtero antolatzeagatik. «Indar handia duen proba da, eta halako egitasmoek bizia ematen diote udalerriari», nabarmendu du Illarramendik. Hori dela eta, herritarrak zein bisitariak itsas zeharkaldia bertatik bertara ikustera animatu ditu alkateak.