Larraitz Ugarte diputatua eta Getariako alkate Nika Lertxudi, lana zuzendu duten teknikariekin lanak ikuskatzen. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Lanak bukatuta, azken hilabeteetan txandakako pasabidea izan duen Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidea ireki dute, eta Zarautz eta Getaria artekoa datozen egunetan zabalduko dute. Ia 700.000 euro kostatu dira lanak.
Gaur eguerdian Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarte eta Getariako alkate Nika Lertxundi neguko itsas denboraleak kaltetu zuen eremuan izan dira, lana zuzendu duten teknikariekin hitz egin eta emaitza bertatik bertara ikusten.
Otsaileko itsas denboraleak hainbat kalte sortu zituen Zarautz eta Zumaia arteko N-634 errepidean. Hasiera batean hiru izan ziren teknikariek identifikatu zituzten puntuak, eta horiek hilabete pare bateko epean konpondu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak; 150.000 kostatu ziren lanak.
Dena dela, denboraleak sortutako kalte garrantzitsuena Getaria eta Zumaia artean Bizkarraga harrobiaren inguruan gertatu zen, eta errepidea pixkanaka hondoratzen hasi zenean konturatu ziren kalteez teknikariak. Lanak zuzendu dituzten teknikariek azaldu dutenez, kostaldeko hormaren eta itsasoaren artean dauden betelanak deformatu egin ziren, eta horrek aspaldiko luizi handi bat berpiztu zuen. Luizia egonkortzeko mikropilotez osatutako 150 metro luzeko pantaila eraiki dute, eta horrela euste elementuak berregin eta sendotu dituzte. 51o.ooo euroko kostua izan du lanak.
Ugarte diputatuaren esanetan, albiste pozgarria da lanak bukatuta izatea. "Aurtengo itsas denboralea bereziki gogorra izan da, eta kalte handiak sortu ditu kostaldeko errepidean. Kalteen ondorioz errei bat itxita izan da, eta txandakako zirkulazioa izan da eremu honetan hainbat hilabetetan, herritarren eta bisitarien egunerokoan eragozpenak sortuz. Behin errepidea irekita, oso pozik gaude eta uste dugu hobekuntzak eragin positiboa izango duela herritarrengan eta turismoan". Ildo horretatik, Ugartek nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat oso garrantzitsua dela errepide sarea ahal den egoera onenean mantentzea eta aurrerantzean ere horretan saiatuko direla.
Getaria, "udarako prest"
Getariako alkate Nika Lertxundiren iritziz ere, "oso albiste ona" da errepidea irekita izatea. "Itsas denboraleak kalte handiak sortu zituen errepidean, eta alkateok oso zorrotzak izan gara eremuan eskumena zuten erakundeei irtenbidea eskatzen. Dena dela, gauzak ondo egiten direnean ere aitortu egin behar da; horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Foru Aldundiari izan duen jarreragatik".
Behin errepidea konponduta, Lertxundik azaldu du itsas denboraleak Getarian sortu zituen kalteak oro har konponduta edo konpontze bidea daudela. "Errepidea irekita dago, hondartzak berreskuratuta daude eta deboraleak kaltetu zituen tabernak martxan daude. Beraz, udarako prest dago Getaria, eta orain eguraldiak laguntzea espero dugu".