Azpeitian, autozaleentzako eguna

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 17a

Autoen eta motorren hotsak entzungo dira larunbat honetan Azpeitian. Batetik, 11:00etan Auto Klasikoen XI. Rallya hasiko da epaitegiko plazatik irtenda. Hala ere, aurrez auto egiaztatzeak egingo dituzte toki berean, 09:00etatik 10:30era. Bestetik, arratsaldeko 15:30ean, karting proba egingo dute Azpeitiko Damaso Azkue auzoan. Aurreko urteetan bezala, aurten ere karting probaren ibilbidea Azpeitiko Damaso Azkue auzoan eta inguruko errepideetan barrena egingo dute. Kart-en irteera, berriz, Etxe Zuri taberna paretik izango da. Iñaki Areizaga da karting ekitaldiko antolatzaileetako bat, eta adierazi du Azpeitian azkeneko karting ekitaldia antolatu zenetik sei edo zazpi urte igaro direla: «Azken urtean partaide batek istripu bat izan zuen, eta hortik aurrera gauzak zailagoak izan ziren», azaldu du. Areizagak eta karting arloan ibiltzen diren hainbat lagunek erabaki dute proba hura berreskuratzea: «Jendea horrelako ekitaldietan gustura ibiltzen da, baina federazio aldetik ez da mugimendu handirik nabaritu». Ekitaldi honek Euskadiko Automobilismo Federazioarekin zerikusik ez duela argitu nahi izan dute antolatzaileek: «Federazio aldetik ez dugu karting-a berreskuratzeko bultzadarik ikusi, eta eskualdeko herrietan karting-a galdu egin dela uste dugu», azpimarratu du. Karting probako parte-hartzaileei dagokionez, tartean azpeitiar zaletuak badaudela azaldu du Areizagak, baina hala ere, gehienak herritik kanpokoak direla dio: «Lehen bazegoen Azpeitian karting talde bat, baina ekitaldiak antolatzeari utzi ziotenean desegin egin zuten». Azpeitian karting ekitaldiak berreskuratu daitezkeela pentsatzen du Areizagak: «Jendearen erantzuna positiboa bada, ekitaldi hau urtero antolatzeko ideia dugu. Azkenean, ekitaldiaren helburuak dena ondo irtetea, inork minik ez hartzea eta jendea gustura egotea dira». Gainera, antolatzaileek diotenez, motor txikiak ere egongo dira ikusgai larunbatean: «Hamabost moto gidarik eman dute izena eta, beharbada, haiek dira ikuskizun handiena sortuko dutenak».   Auto klasikoak ikusgai Karting probaz gain, Auto Klasikoen XI. Rallya ere egingo dute larunbatean Azpeitian. Egiaztatzeak epaitegiko plazan egin ondoren, auto lasterketa 11:00etan hasiko da, eta leku berean amaituko da 19:30ak aldera. Lehiaketako parte-hartzaileek hainbat denbora kontrol puntu igaro beharko dute ibilbidean zehar: Errezilen, Abaltzizketan eta Zerainen, hain zuzen. 14:00etan, gidariek bazkaltzeko geldialdia egingo dute Gabirian. Bazkalostean, Matxinbentatik, Aizarnatik, Endoiatik eta Azkaratetik pasatu beharko dute lasterketa amaitu ahal izateko. Jorge del Cid da rallyaren antolatzaileetako bat. Bere esanetan, aurten iaz baino azpeitiar gehiagok hartuko dute parte: «Aurten ere gidari gehiago egongo dira rallyan. Joxe Labaka eta Aitor Otaegi herritarrek, adibidez, berriro hartuko dute parte». Aurten ere ez dute errepidea itxiko probak iraun bitartean, eta Del Cid-ek azpimarratu duenez, ohi bezala auto guztiek gutxienez 25 urte izan behar dituzte parte hartu ahal izateko: «Autorik zaharrena gidari frantses baten Alfa Giulietta da, 1961ekoa». Gidariek guztira 220 kilometroko ibilbidea egin beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide