Urola Kosta eskualdeko ia herri guztietan udaleku irekiak egiten ari dira haur eta gaztetxoekin. Aisialdiko ekintzak egiteaz gainera, arlo, hizkuntza nahiz kirol ekintza jakinak jorratzen dituzten udalekuen eskaintza gero eta zabalagoa da. Hainbat alor uztartuz ere antolatzen dituzte udalekuak: hau da, kirol bat eginez hizkuntza ikasteko aukera ere eskainiz, esaterako.
Batik bat, bertako haurrek hartzen dute parte eskualdean antolatutako udaleku irekietan. Baina, kostako herrien kasuan, uda pasatzera etorritako haur eta gaztetxoek ere izena ematen dute.
Errezil: Herri txikian, txikiek aukera
Ekainaren 30ean hasi zituzten Errezilen udaleku irekiak. Urtero antolatzen ditu Errezilgo Udalak, herriko haurrei herrian bertan udalekuez gozatzeko aukera eskainiz. «Betitik egin dira udaleku irekiak Errezilen, baita gu txikiak ginenean ere», dio aurten begirale dabilen Izaro Zinkunegik.
Herriko haurrek herrian bertan aisialdiko ekintzak egiteko aukera dute. «Herriko haurren harremana sustatzeko balio du, bertan eskolan dabiltzanek eta baita Azpeitira eskolara doazenek ere parte hartzen dutelako. Horrez gain, begirale denok ere herrikoak bertakoak gara», dio Zinkunegik.
Bost begiralerekin 5 urtetik 14ra bitarteko 36 haur eta gaztetxo ari dira parte hartzen Errezilgo udalekuetan. Adina kontuan hartuta, bi taldetan banatuta egiten dituzte udalekuetako ekintzak. Santio egunerako, uztailaren 25erako, bukatuko dituzte udalekuak. Errezilen egunero ez dira biltzen, astean hirutan dituzte ekintzak: astelehen, asteazken eta ostiraletan.
Udaleku gehienetan ohi bezala ur jolasak, irteerak, eskulanak... egiten dituzte Errezilen ere. Baina, ekintza bereziak ere badituzte. Esaterako, aurreko ostiralean Leaburun herri txikietako udalekuen topaketan parte hartu zuten. Bertan zortzi herritako 150 haur bildu ziren. «Amezketan egin zen orain bi urte, iaz Olaberrian, eta aurten Leaburun. Herri txikiak bat egiteko filosofiarekin lotuta egiten da udaleku irekien topaketa, eta herri txikietako haurrek elkar ezagutzeko asmoarekin», esan du begiraleak.
Horrez gain, aurten beste ekintza berezi bat ere egin dute: herrian mural bat margotu dute Munduko koloreak lelo hartuta. «Aurretik udalarekin hitz egin genuen murala egitearen kontuaz, eta baimena eman ziguten horretarako. Herri txikia izanagatik ere hainbat jatorritako jendea bizi garela adieraziz margotu dugu. Izan ere, bertan errumarriar jatorriko familia bat bizi da, eta aurten uda pasatzera Ukrainatik bi haur etorri dira. Horregatik, muraleko leloa hiru hizkuntzatan idatzi dugu», kontatu du Zinkunegik.
Udalekuak, azken urteetan egin ohi duten bezala, bi eguneko kanpaldiarekin bukatuko dituzte. Eguraldi ona egiten badu, herriko zelai batean egingo dute kanpaldia, eta bestela, eskolako patioan eta gimnasioan.
Zarautz: Antzerkia, aurreneko aldiz
Udaleku irekietako aukera berriak ere badaude eskualdean. Aurreneko aldiz antzerki udalekuak antolatu dituzte Zarautzen. Izandako emaitzarekin «oso pozik» daude, hala azaldu du udalekuen arduradun Patxi Santamaria aktore zarauztarrak. «Udalekuen eskaintza handia dago gaur egun, eta tokia hartzea kostatu egiten da. Baina, lehen urtea da antzerki udalekuak antolatzen dituguna Zarautzen, eta txanda bakoitzean talde bana osatu dugu». Orain arte egindako lanarekin gustura da Santamaria, «esperientzia polita izaten ari da».
Bi talde osatu dituzte. Aurreneko taldeak dagoeneko bukatu ditu udalekuak, eta aste honetan bertan hasi da bigarren taldea saioekin. Antzerki udalekuen helburua gazteek antzerkia ezagutzea da, inprobisazioen bidez antzerkitxoak egin, eta gorputza, ahotsa, mugimendua landuz.
Aurreneko txandan sei gaztetxok hartu dute parte, eta bigarrengoan zortzi dira parte hartzen ari direnak. Batik bat bertakoak dira partaideak. «Zarauztarrak dira gehienak, baina Tolosatik bi ere etorri zaizkigu antzerki udalekuetara. Udalekuez galdezka kanpotik ere deitu digute, eta alde horretatik ere pozik gaude», esan du Santamariak.
Idatzitako obra bat hartu, gidoia egokitu eta antzerki lantxo bat osatzen dute udalekuetako egunetan. «Antzerki talde moduko bat antolatuz», esan du antzerki irakasleak. Gero, guraso eta lagunen aurrean erakusten dute: «Lehen txandako taldearekin aurreko ostiralean egin genuen antzerkia, eta polita izan zen». Balorazioa ona da, beraz: : «Hasiera da, eta gu pozik gaude lortutako emaitzarekin».
Zarautz: Kirolean hizkuntza bat landuz
Zarauzko Kirol Elkartetik, berriz, kirolekin lotutako udaleku eskaintza zabala egiten dute urtero. Aurten bertan, errugbiko, eskubaloiko, pilotako, futboleko eta saskibaloiko udalekuak jarri dituzte aukeran. Uztailean eta abuztuan egingo dituzte. «Aisialdian kirola egiteko aukera eman, eta kirol elkarteko haurrei beste zerbitzu bat eskaintzeko» antolatzen dituzte, errugbiko udalekuen arduradun Xabi Castañoren arabera.
Esaterako, errugbiko udalekua aurten bosgarren urtez antolatu dute Zarautzen. Baina, kasu honetan, ez dute kirola bakarrik egiten: kirol hori ezagutu eta jokatzen ikasteaz gainera, frantseseko eskolak ere jasotzen dituzte udalekuetako parte-hartzaileek.
Aurten bi txanda antolatu dituzte errugbikoek: aurreneko txanda bukatu dute, eta 7 urtetik 12 urtera arteko haurrek errugbiaz gainera beste kirol batzuk ere egin dituzte: herri-kirolak, beisbola, mendia eta orientazioa, esaterako.
Aste honetan hasi duten bigarren txandan, ordea, errugbia landuko dute batik bat. «Txanda honetan 13 eta16 urte artekoak parte hartzen ari dira, eta frantsesaz gainera errugbiko teknika lantzen dugu», adierazi du Castañok.
Udaleku hauetan parte hartzen duten gehienak zarauztarrak dira, baina kanpotik ere etortzen da bat edo beste. «Uda pasatzera Zarautzera etorritako batzuk ere parte hartzen dute. Aurten, Donostiatik etorritako neska bat ibili da lehenengo taldean, eta orain frantses bat dabil, baita Azpeitiko mutil bat ere».
Zestoa: Azpiegituren erabilera irekia
Zestoako Udaleko Gazteria Sailetik udaleku irekiak egiten dira herrian, baina horrez gain udal kiroldegitik Udan Kirol programa dute martxan uztailean. 9 urtetik 12 urtera arteko haurrek herriko kiroldegian eta Iraetako kirolerako azpiegituretan hainbat kirol egiteko aukera dute, eta horrez gain mendia, arrauna eta piraguismoa egiten dituzte.
Bost koloretako bost taldetan banatuta egiten dituzte kirol udalekuetako ekintzak Zestoan. Eguerdira arte ibiltzen dira udalekuetan. Hainbat ekintza egiteko, kiroldegikoek igerilekuak, jolasak eta jokoak jarrita dituzte Iraetako futbol zelaian.
Iraetako gunea goizetan udalekuetarako erabiltzen dute, baina arratsaldeetan beste erabilpen bat ematen diote tokiari: nahi duten guztientzako zabalik edukitzen dute. «Iazko udan hasi ginen Iraetako gunea jendearentzako zabaltzen, eta jende asko etorri zen. Horregatik, aurten ere irailera bitartean eguraldi ona egiten duen egun guztietan zabalik egongo da», azaldu du Zestoako udal kiroldegiko Antselmo Astiazaranek.
Aurten, ordea, iaz baino eskaintza zabalagoa jarri dute Iraetan: «Lau igerileku daude aurten, adin desberdineko haurrentzako egokitutakoak». Iraetako kirol eta aisialdirako gunea jendearentzako zabalik 16:00etatik 20:30ak bitartean egongo da iraila bitartean.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide