Hodei Iriarte, dantzaria: "Ahoa itxi eta agintzen didatena egiten dut, eta funtzionatu egiten du"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 17a

Hodei Iriarte dantzaria (Aritz Mutiozabal/Hitza) Hodei Iriarte zarauztarrak 20 urte ditu, eta dantza klasikoan bere lekua egiten ari da. Iaz Gdanskeko (Polonia) Baltycki Teatr Tanca dantza konpainiatik deitu zioten bertan parte hartzeko, eta denboraldia amaitu baino lehen konpainia horretako dantzari bakarlari izendatu dute. «Une egokian, leku egokian» egon da, baina ez hori bakarrik. Urteetako esfortzuak eman du bere fruitua. Orain Zarautzera itzuli da Iriarte, udako oporren zati bat udalerrian pasatzera. Hala ere, ez du atsedenik hartzen gazteak: Zarauzko Gabota dantza ikastegian ballet klasikoko eskolak ematen ari da haurrei. Abuztuan berriz itzuliko da Gdanskera, denboraldi berrirako prestatzeko eta Matematikako ikasketak (urrunetik egiten direnak) hastera. Iaz sartu zinen Poloniako Baltycki Teatr konpainian. Aurten dantzari bakarlari izendatu zaituzte. Denbora gutxian lorpen ugari pilatu dituzu. Bai, urtebetean pila bat aldatu da nire egoera. Denboraldi osoa eman dut Polonian lanean. Negua oso gogorra izan da aurten: -20 gradutara egon gara, 15:30etik eguna ez zen argitzen hurrengo eguneko 08:00ak arte. Zentzu horretan, animikoki oso ahul egon naiz; ez nuela bertan egon nahi esaten nion neure buruari. Baina, egia esan, dantza asko egin dut, eta horrek izan du saria: dantzari bakarlaria naiz orain. Zure alde apustua egin duten sainale da hori, ezta? Egia esan, ia ez daukat harremanik Baltycki Teatr Tancako zuzendariarekin. Ez dut inoiz hitz egin berarekin lanetik kanpo. Gure harremana soilik da dantzari eta zuzendari artekoa. Jende asko dago esaten duena Ni dantzaria naiz eta beraz nahi dudana egingo dut. Nik ahoa itxi eta agintzen didatena egiten dut. Eta funtzionatu egiten du. Nola izan da hondoko dantzari izatetik bakarlari izatera pasatzeko prozesua? Iazko irailean dantzari bakarlari bat lesionatu egin zen; ez zen ongi moldatzen zuzendariekin, eta bidali egin zuten. Urrian hasi ziren haren paperak niri ematen; ni taldeko dantzaria nintzen orduan. Azaroan Varsoviara (Polonia) joan ginen jaialdi batera, eta han ere dantzari bakarlariarena egin nuen. Eta urtarrilean eta otsailean gauza bera gertatu zen. Otsaileko ikuskizunetako bat amaitzean, konpainiako zuzendaria etorri zitzaidan eta dantzari bakarlariaren papera eskaini zidan. Istanbulen, Turkian, egin zenuen estreinakoz dantzari bakarlariarena. Bai, baina Varsovian jada liderrarena egin nuen. Udaberriaren kontsakrazioa ikuskizuna eskaini genuen bertan. Oso pieza berezia da, gogorra. Sei mutilek hartzen dute parte, eta horien artean bat da liderra. Nik egin nuen paper hori, beste mutila lesionatuta zegoelako. Asko harritu ninduen zuzendariak paper hori niri eman izanak. Batzuetan pentsatzen dut mutil hura lesionatu izan ez balitz, nik ez nukeela bakarlari izateko aukera hori izango. Ez naiz gainontzekoen oinazeez pozten, baina kasu honetan mutil hura kaleratzea ongi etorri zait niri. Zer moduzko balantzea egiten duzu Polonian igarotako zure lehenbiziko urteaz? Nahiko ona. Hilabetero eskaini ditugu ikuskizunak, kanpora ere joan gara. Azaroan joan ginen Varsoviara. Bi pieza eskaini genituen: Igor Stravinsky-ren Udaberriaren kontsakrazioa eta William Shakespeare-ren Udako gau bateko ametsa. Oso ondo joan zen, eta maiatzean Istanbulera  bidaiatu genuen, Shakespeareren lan horrekin. Bi ikuskizun egin genituen, eta arrakasta izan zuen. Nolakoa da zure bizitza Gdansk herrian? Zazpi ordu eta erdiz egiten dut dantza egunean, eta orain Matematikako karrera egiten hasiko naiz, urrutitik. Dantzari baten bizitza oso motza da, eta beraz, zerbait ikasi beharra daukat. Eta ikasten hastekotan, irrika sortzen didan zerbait egin nahi dut. Loturarik ba al du balletak matematikarekin? Bada, uste baino gehiago. Balleteko musika eta pausoak neurtuta daude, nahiko zenbatuta dago. Matematika, aldi berean, oso abstraktua da. Irudikatu egiten dugun zerbait da, ezin dugu ikusi, ukitu... Dantza bezala. Dantza sentitu egiten dugu gorputzean, baina ezin dugu ukitu, ez da koadro bat bezala. Nik uste lotura badutela. Matematika ikasteaz gain, hurrengo urtera begira zein da zure erronka? Datorren denboraldia nahiko ona izango dela dirudi, lanpetuta egongo gara. Azaroan proiektu berri bat aurkeztuko dugu: Netherlanden. Bi zati ditu horrek, eta lehenbizikoa azaroaren 9an aurkeztuko dugu, eta hurrengoa azaroaren 10ean. 24 ordutan sei dantza aurkeztuko ditugu, beraz. Oso gogorra izango da gorputzarentzat, baina batez ere buruarentzat, dantza bakoitzak 40-45 minutu irauten dituelako. Horregatik, abuztuaren 6an itzuliko naiz Gdanskera, abuztuaren 10ean hasiko baikara entseguekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide