Poesia emanaldi berezi bat eskainiko dute gaur Azpeitiko Liburutegian

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 17a

Azpeitiko Udal Liburutegiak mende erdi bete duela eta, poesia emanaldi berezia egingo dute gaur. Izan ere, Diapoesia eta Literatuzta proiektuetan ibilitako lau azpeitiarrek eskainiko dute Maileguan hartzen ditut... saioa, 19:00etan, liburutegian. Igor Aranbarri, Aitor Bengoetxea, Xabi Borda eta Kepa Urbieta dira lau azpeitiar horiek. Liburutegiaren urteurrenaren ekitaldi sortaren barruan izango da poesia emanaldia, eta Azpeitiko Kultur Mahaiak egindako elkarrizketa batean esan dutenez, saio horretarako egindako emanaldia izango da, «ale bakarreko uzta». Bertan, poemak irakurriko dituzte, musika eta irudiz lagunduta. «Liburutegiko izaera anitzari keinu eginez eta guk liburutegiaz dugun irudian oinarriturikoa izango da, baina argi daukagu zerbait iragankorra izango dela», esan dute. Horien arabera, «zaharberritze zehatz bat» izango da. «Liburutegiak proposatu zigulako eta guk gure aletxoa eskaini nahi genuelako. Nostalgiak jo gintuen; ostegunean, errealitateak joko gaitu eta ikusiko dugu ondo egin genuen baiezkoa ematen». Kultur Mahaiaren elkarrizketa osoa irakur daiteke hemen: ttiki.com/72035.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide