IRITZIA. BOSTEKOA. Jesus Mari Olaizola Txiliku
Ez da gaur goizeko kontua eskea, eta ez dira oraingo krisiak asmatutakoak eskekoak, baina eske kontuetan zerbait aldatu da, agian.
Aspaldiko garaietara joanda, gogoratzen dut nola joaten zen eskean Salbide auzoko gure Olaizola-enea etxera Ramontxin deitzen genion mutiko ijitano bat. Amona Mikelak katilukada bat kafesne aterako zion ate-ondora, kafesne-zopa eta guzti, eta mutikoak (zortzi-hamar bat urte) zitz eta pitz bukatuko zituen jesus eta oremus esaten behar den denbora baino lehen. –Bazekitek mutiko koitadua noiz bidali eskean –esango zuen gure amonak, pozik kafesneak izandako estimuagatik eta gose zegoen mutikoari gosaria eskaintzeagatik.
Orduan hainbat era bazen eskerako; esaterako, santuak pasatzen ziren eskuz esku eta etxez etxe, norberak nahi zuen laguntza bota zezan kutxatxoan: San Felizisimo edo Ama Birjina.
Garai haietan asfaltoa oraindik ez zenez iritsi Salbidera, Santa Marina kaletik harantz euriak putzu lokaztuak egiten zituen bidean, herritik kanpo geratzen zen gure auzoa ia baserri-auzo bilakatuz. Ijitanoak eta pertza-konpontzaileak auzokide izaten genituen urtean behin, bitan edo hirutan, fraide frantziskotarrak eta asto-moztaileak etortzen zitzaizkigun eskean, zerurako bidea erraztuko zizkigun errezoen ordez batzuk, udaberrirako ilea luzeegia zuen astoari edo mandoari ile-karga arintzearen truke besteak.
Herriaren eta baserrien mugan geunden. Ez zen oso urrutira joan behar azeri bat harrapatu eta eskean zebiltzanak ikusteko. Baserriz baserri ibili ohi ziren piztia makila baten muturrean lotu eta arrautza eta oilasko eskean.
Kontuak kontu, benetan esketik bizi zirenak eskekoak ziren, eskaleak. Bazen egurrezko hanka zuena, udazkenetan urtero agertuko zena faltarik gabe Zaragozano urtekaria salduz. Gaur egun jendea txoratuta dabil ilargi-egutegiekin, sekulakoa asmatu dutelakoan, baina lehen ezinbestekoa zen Zaragozanoa, bertan baitzetozen santu guztien izenak, santifikatu beharreko festa-egunak, kuarta-tenporak noiz ziren eta urteko epaktaren zenbakia. Hankamotzak puntapax bat erabiliz kentzen zion prezioa urtekariei (inork ez zezan jakin zenbatean erosi zituen berak), eta haiek zertxobait garestiago salduz irabazten zituen txanpontxoak.
Lehen bezalatsu, gaur ere badira eskekoak gure herrian, gehiegitxo, seguru asko. Badira antxumearen mozorropean ezkutatzen direnak, badira malabarismoak egiten dituztenak, Eroski edo Kooperatiba aurrean jartzen direnak eskatzeko, euro bat eskatzen dutenak ilargira bidaiatzeko edo txanpon bat Ferrari diesela erosteko.
Guztietatik batek pizten dit bereziki arreta, beti izan ohi baitu liburu bat aldean, eta irakurle amorratua baita.
Gure belaunaldikoek ikasi genuen, eta benetan sinetsi genuen, ezagutza eta jakinduria dela gizakion aberastasunik handiena, dakiena ez dela sekula pobre izango, izango duela bizibidea aurrera ateratzeko ahalmena. Horregatik egiten zait, beharbada, hain bitxia liburuak gogoz irakurtzen dituen eskekoa: ezin dut ulertu paradoxa mingarri hori.
Azken urte hauetan ekonomian indartsu diren banku eta nazioartekoek erakutsi diguten beste ikasgai bat da, dirudienez. Gutxi gorabehera honela diote: guk, benetako aberats okituok, lehen baino aberatsagoak izaten jarraituko dugu, baina beste guztiok, egizue kontu! Eta egizue kontu horren ispilu ikusten dut eskeko hori, erakutsiko baligu bezala ikastea ere ez dela berme nahikoa eskeko ez bilakatzeko. Hauek garaiak!, hauek ohiturak!
Zirrara eragiten dit liburua eskuetan irakurtzen ikusi, eta alboan duen oharra irakurtzen dudanean: Sólo tengo tu ayuda, zure laguntza besterik ez dut.