Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zumaiako herrigunea eta Narruondo auzoa lotzen dituen bidegorria erabat amaituta eta erabilgarri dago jadanik. Orain arte errepide bazterretik ibili behar izan dute oinezkoek eta bizikletazaleek, baina aurrerantzean bide erosoa eta arriskurik gabea izango dute.
Atzo eguerdian inauguratu zen bidegorriari falta zitzaion zatia, Txikierdiko biribilgunetik Narruondora doana. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarte izan zen Narruondoko ekitaldian, Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagarekin batera. «Orain arte Narruondotik Zumaiara bizikletaz joateko erabiltzaileek ez zuten batere segurtasunik, ibilgailu artean egin behar baitzituzten joan-etorriak, baina aurrerantzean segurtasun osoz egin ahal izango dituzte lantokira, eskolara, erosketetara eta abar egin beharreko bidaiak», adierazi zuen Ugartek.
Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak azpimarratu zuen Narruondoko bizilagunentzat sekulako aldaketa ekarriko duela bidegorriak. «Historikoki egin duten eskaera izan da, arrazoi osoz, tarte honetan istripu bat baino gehiago gertatu baita. Bidegorriarekin auzoa eta herria modu seguruan eta erosoan lotu dira, eta horrek abantaila handiak ekarriko dizkio auzoari». Bide batez, auzotarrei eskerrak eman zizkien, «izan duten pazientziagatik, bai obrak egin aurretik, bai obrak egin diren bitartean. Badakit orain badauzkagula lan batzuk egiteko, baina horiek ere egingo ditugu, ahal dugun neurrian».
Bidegorriarekin batera, auzoan beste lan batzuk ere egin dira: autobus geltoki berria egin da espaloian, inguruko zirkulazioa antolatzeko arrapala, eta plaza eta haur jolasen gunea berritu dira.
Hurrengo fasean, Arroaraino Gipuzkoako bidegorrien sarea osatzea da aldundiaren helburua. Urola inguruari dagokionez, sare horrek bi ibilbide ditu. Bat Urola ibaian behera datorrena –oraingoz Zestoaraino dago bidegorria eginda–, eta bestea kostaldetik Mutriku aldera egin nahi dena. Ugartek atzo aurreratu zuenez, hurrengo urratsa izango da Narruondoko zatia Arroa Behearekin lotzea, baina ez zuen eperik eman nahi izan.
Aldundiak marraztutako sarean, Arroa Beheko bidegorriak Urola trenbidearen bidea jarraituko luke, Kanterako biribilgunearekin lotu, eta gero Txikierdiko aldapan behera jaitsi Txikierdiko biribilguneraino, atzo estreinatutako bidegorriarekin lotzeko. Arroa Beheko biztanleek, ordea, beste proposamen bat landu dute, printzipioz errazagoa, motzagoa eta merkeagoa dirudiena: Narruondoko bidegorriari segida eman Bombas Azcue atzealdetik, Zestoarako bidegurutzean biribilgune bat egin, eta bidegorria auzoarekin lotu. Hasi dira sinadurak biltzen, modu batera edo bestera bidegorria auzora lehenbailehen iritsi dadin, Narruondori bezala, Arroa Beheari ere mesede handia egingo liokeelako.