Amaia Azkueren hiltzaileak onartu egin du hil zuela eta barkamena eskatu du

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 16a

Epaiketa hasi aurretik, Donostiako Adingabeen Auzitegi atarian elkarreratzea egin zuten zenbait herritarrek 2012ko martxoaren 16an. Amaia Ventas Ander E.O.-k barkamena eskatu du eta «oso damututa» dagoela nabarmendu. Amaia Azkueren (Orio, 39 urte) hiltzaileak aitortu egin du hura erail zuela. 2011ko martxoaren 16an aurkitu zuten emakumearen gorpua Azpeitian, Ibai Eder urtegian.Abuztuan aitortu zuen azpeitiar gazteak Azkue hil izana, baina ondoren, epaiketa hastean, bertsioz aldatu eta ukatu egin zuen hilketa. 2012ko maiatzean eman zuen epaia Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko epaileak: Zumarragako adingabeen zentroan hamar urteko itxialdira eta hezkuntza laguntzarekin bost urteko zaintzapeko askatasunera zigortu zuen, besteak beste. Abuztuan 21 urte beteko ditu zigortuak, eta gaur egin dute haren etorkizuna erabakitzeko saioa Adingabeen Auzitegian, Donostian. Zumarragako zentroan geratzeko ala helduen kartzelara lekualdatzeko argudioak entzun ditu epaileak bertan. Ander E.O.-k aprobetxatu zuen damua agertzeko. EFE agentziak jakinarazi berri duenez, «familiari eta gizarteari oro har» eskatu dio barkamena. Saio itxia izan bada ere, Ander. E.O.-k propio eskatu du publikoki jakinarazteko hilketagatik damututa dagoela. Bertan Javier Zaragoza fiskalak eskatu du hiltzaileak Zumarragan jarraitzea zigorra betetzen. Hura aztertu duen talde psikoteknikoaren txostenetan oinarritu da eskaera hori argudiatzeko. Txostenaren arabera, bilakaera «oso positiboa» izan du gazteak adingabeen zentroan dagoenetik. Halaber, azpeitiarra ohiko kartzela batera lekualdatzeak orain arte egindako lana «zapuztuko» lukeela nabarmendu dute adituek, eta hori gertatuz gero litekeena dela gazteak «atzerapausoak» ematea. Era berean, fiskalak gogoratu du Adingabeen Legearen helburua adingabea babestu eta hura bergizarteratzea dela. Defentsak ere gauza bera eskatu zuen Ander E.O-rentzat. Akusazioak eskaeraren kontra egin du. Orain epaileak erabaki beharko du hiltzaileak Ibaiondo adingabeen zentroan jarraituko duen ala helduen kartzelara bidaliko duten. EFE agentziaren arabera, epaileak datozen egunetan jakinaraziko du erabakia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide