Ibaian eta erlojuaren aurka jokatuko dituzte KAE1, Eusko Tren eta TKE ligetako estropadak Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko uztailaren 16a

Asteburuan Orion jokatuko diren estropadak aurkeztu dituzte eguerdian Orioko Kanpinean. (Egilea: Aritz Mutiozabal) Asteburuan Bisiguaren Festaren barruan hiru bandera izango dira jokoan Orion eta gaur eguerdian aurkeztu dituzte hiru kirol lehiak Orioko Kanpinean. Alde batetik, larunbat eguerdian KAE1 Ligako estropada jokatuko dute besteak beste Orio B, Zumaia eta Getaria traineruek. Igandean, berriz, 12:00etan hasiko da Eusko Tren Ligako emakumezkoen estropada eta ondoren, TKE Ligako norgehiagoka jokatuko dute. Negu partean itsasoak sortu zituen kalteen ondorioz ezin da itsasoko estropada eremua erabili eta estropada guztiak ibaian jokatuko dituzte, erlojuaren aurkako lehiak izango dira. Orioko Arraun Elkarteko lehendakari Ibon Huegunek azaldu duenez, "oriotarren arraunerako eremu naturala itsasoa" bada ere, ibaian jokatuko dira estropadak. "Orion ibaia eta itsasoa izateko zortea dugu eta itsasoko estropada ikusgarriagoak badira ere, ibaian egindako estropadek giro ederra sortzen dute herrian eta arraunzaleek beren trainerua bertatik bertara ikusteko aukera izango dute" gehitu du. Orioko alkate Beñat Solaberrietak ez du zalantzarik eta asteburuan Orion giro ederra izango dela uste du. "Herri arraunlari eta arraunzalea da Orio  eta herritarrek gustura hartuko dute estropadak bertatik bertara ikusteko aukera izatea. Horregatik, bisitariak asteburuan Oriora etortzera gonbidatu nahi ditugu, estropadez gain gure itsas ondarea ezagutzeko aukera izango baitute. Horretarako Festaren barruan ekitaldi ugari antolatu ditugu". Besteak beste, marmitako, hegaluze eta sagardo dastaketak, elkarte gastronomikoen arteko bisigu lehiaketa, Zenbat arrain ezagutzen dituzu? lehiaketa eta estropadak. Orion jokatuko diren hiru estropadetatik bitan parte hartuko dute herriko ordezkariek. "Gizonezkoen traineru nagusiak txukun hasi du denboraldia eta oso gustura gaude lortzen ari den emaitzekin" azaldu du Solaberrietak. Bestetik, Orioko emakumezkoen traineruak ez du lortu Eusko Tren Ligarako sailkatzerik, baina Udaletik "lanean jarraitzera animatu" nahi dituzte neska arraunlariak. "Emakumezkoen kirolaren aldeko apustua egin behar dela uste dugu eta horretan ari da Orioko Arraun Elkartea. Etorkizun hurbilean emakumezkoen traineruak gizonezkoek bezain beste bandera ekartzea gustatuko litzaiguke" .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide