Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskadiko sofbol selekzioak Kanadan Open Fastpitch nazioarteko txapelketa jokatuko du Surrey hirian (British Columbia, Kanada) igandera arte eta Orioko Bate Bizkorra taldeko bederatzi jokalari izango dira bertan. Guztira 90 talde ariko dira lehian, eta euskal selekzioak Women’s International kategorian jokatuko du, zortzi talderekin batera; eta horien artean, AEB, Kanada, Mexiko eta Japonia bezalako selekzio indartsuak. Kontuan izan behar da, aipatutako selekzioek Munduko Txapelketa jokatuko dutela abuztuaren erdian Herbehereetan.
Igandean abiatu ziren Euskadiko selekzioko jokalariak Kanada aldera, eta goi mailako txapelketan parte hartzeko irrikaz daudela azaldu zuten. «Iaz Euskadiko Sofbol Federazioko lehendakaritzan aldaketak izan ziren, eta lehendakari berriak nazioartean jokatzeko aukera eskaini digu», azaldu zuen Ane Barandiaran OBB taldeko kideak. Pasa den udan Kuban izan zen euskal selekzioa Kubako selekzioaren aurka txapelketa jokatzen, eta aurtengoan urrats bat aurrera eman eta Canadian Open Fastpitch nazioarteko txapelketan parte hartuko dute. «Txapelketa garrantzitsua da, mundu mailako talde onenek jokatuko baitute bertan eta euskal selekzioarentzat aurrerapauso handia da bertan izatea».
Euskal selekzioa Orioko Bate Bizkorra eta Atletico San Sebastian taldeetako kidez osatuta dago. Hain zuzen ere, Oriotik bederatzi lagun hautatu dituzte: Ane Barandiaran, Olatz Zubia, Ainara Larraxa, Idoia Benito, Sara Etxeberria, Ana Cuesta, Igone Etxeberria, Uxue Zoroza eta Lorena Morras jokalariak. OBB Sofbol Taldeko Patxi Arnal entrenatzailea da Euskadiko sofbol selekzioko entrenatzailea.
Iaz hasi zen Euskadiko sofbol selekzioa nazioarteko lehietan parte hartzen, eta «talde trinkoa osatzeko» ikasturtean zehar astean behin entrenatu du taldeak Orioko Mendibeltz zelaian. «Oso garrantzitsua da taldekideen artean giro ona izan eta elkar ezagutzea. Urtean zehar entrenatuz gure arteko komunikazioa hobetu dugu, eta elkar hobeto ulertzen dugu». Izan ere, jokalariek selekzioan askotan ez dute jokatzen beren ohiko postuetan, eta astean behin entrenatuz «taldea egonkortzea» lortu dute.