Zestoako trikitilariek erromeria giroa berpiztuko dute larunbat honetan

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 16a

Adin ezberdinetako herriko trikitilariek alaituko dituzte Zestoako kaleak larunbat honetan. Ander Larrañaga, Gurutze jubilatuen tabernako arduradunak antolatu du ekitaldia: «Ni erromeria zalea nahiz. Iaz ere zerbait antolatu genuen, eta aurten erromeria bat egitea pentsatu dut. Gainera, trikitilari guztiek gustura hartu zuten erromerian parte hartzeko proposamena», adierazi du. Festa giroari hasiera emateko, arratsaldeko 20:00etan kalejira egongo da Zestoan, eta 21:15ean afaria egingo dute jubilatuen tabernan. Bihar arte egongo da afarira joateko txartelak erosteko aukera, 15 euroren truke. Amaitzeko, gaueko 22:30ean hasiko da erromeria. Ondorengoak dira erromerian parte hartuko duten herritarrak: Joseba Illarramendi eta Jon Rezabal, Monik Valor eta Eider Iraola, Nerea eta Maider Altuna eta Felix Astorkia. Festa honetarako gogotsu daudela eta «oso polita» izango dela adierazi dute. Aurreneko aldiz elkartuko dira trikitia utzi dutenak eta trikitilari gazteenak erromeria berdinean parte hartzeko: «Normalki helduak alde batetik eta gazteak bestetik ibiltzen dira. Oraingoan denok elkartzea oso polita iruditzen zait», azpimarratu du Maider Altunak. Festa eta dantza giroa Antolatzaileak herritarrak erromerian parte hartzera animatu ditu: «Oso polita izango da. Adin guztiei zuzendutako jaialdia da». Ekitaldiko trikitilariek larunbatean sortuko den giro «ona» azpimarratu dute, eta herritarrek erromerian parte hartuko dutela uste dute: «Jendearen erantzuna ikusi beharko da beste erromeria bat antolatuko den a la ez erabakitzeko. Baina, Zestoan festetan edo Zaharren Egoitzan egin diren ekitaldietan herritarren erantzun positiboa jaso izan dugu», adierazi du Felix Astorkiak. Illarramendiren esanetan, festa eta dantza giroa lortzea dute helburu: «Ekitaldi hau zerbait berriaren hasiera izan daitekeela uste dut». Erromeriak antolatzeko ohitura galdu den ala ez galdetuz gero, hainbat erantzun daude herriko trikitilarien artean. Eider Iraolaren ustetan, erromeria indarra hartzen ari da: «Herri txikietan ohitura handiagoa dago erromeriak antolatzeko. Herri edo hiri handietan, aldiz, festetako egun batean antolatzen dituzte, baina herri txikietan mantentzen ari dela uste dut». Duela 15 urte utzi zion Maider Altunak horrelako ekitaldietan parte hartzeari: «Herri txikietan erromeriak egon dira beti, baina egia da ni jotzen ibiltzen nintzen garaiarekin alderatuta erromeriak gutxitu egin direla». Illarramendiren kasuan, 20 urte igaro dira erromeria batean azkenekoz parte hartu zuenetik: «Erromeria galtzen joan den zerbait izan da». Astorkiak, aldiz, ez du uste festa hura galtzen ari denik: «Herri mailan beharbada ez dira asko antolatzen, baina nik uste dut nahi duenarentzako badaudela erromeriak». Lehenengo aldiz elkartuta Lau trikitilariek esan dute gustura hartu dutela erromerian parte hartzeko proposamena. Astorkiak adierazi duenez, aurreko urteetan horrelako ekitaldi bat egitea proposatu izan dute, baina azkenean ez zen inoiz antolatzen. Ekitaldi honetan helduak eta gazteak elkartzea oso «berezia» dela adierazi dute. Maider Altunaren esanetan, «herriko trikitilariekin antolatzen den lehenengo ekitaldia da eta, gainera, Zestoa trikitilari herria da eta jendea parte hartzeko prest egongo dela iruditzen zait». Ekitaldietan parte hartzen dutenek transmititzen dutena oso garrantzitsua dela azpimarratu du Iraolak: «Oso ondo pasatzen dugu, eta ni horrek betetzen nau gehien».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide