Eñaut Apaolaza, Ekai-Centerrekoa: "Herri baten finantza sistemak gizarte eredua bera baldintzatzen du"

Olatz Prat 2014ko uztailaren 16a

Azpeitian Bizi eta Lan taldeak Kutxabank-en eredu aldaketaren inguruko jarduerak antolatu ditu. Asteartean elkarretaratzea egingo dute Goiko Kaleko Kutxaren aurrean. Gaur, berriz, hitzaldia eskainiko du Ekai Center-eko Eñaut Apaolazak (Donostia, 1970) 19:00etan Sanagustinen. Oinarrizkoenetik hasita, Kutxa pribatizatzeak zer esan nahi du? Apropiazio bat da pribatizazioa baino gehiago, edo hala ikusten dugu guk behintzat. Izan ere, orain arte kutxen gaineko erabakimena administrazio publikoek, aurrezleek, langileek eta gizarte erakundeek bazuten, fundazio egitean gobernu organoan daudenak ez dira kolektibo horietakoak; 15 kideko patronatutik hiru besterik ez dira izango erakunde publikoetakoak. Lehen denona zena orain alderdi batzuek erabaki dute elite batena izatea, elite politiko-finantziero batena. Gainera, organu horren osaera ez dagoenez hauteskunde edo eragingo dion kanpo faktoreen menpe, taldeak berak erabakitzen du hurrengoak zeintzuk izango diren eta elite hori ugaltzen joango da. Finantza eredu batek nola baldintzatzen du gizartea? Herri baten finantza sistemak bere egitura ekonomikoa baldintzatzen du. Egitura finantziero batek garrantzia handiagoa ematen badio operazio espekulatiboak egiteari ekonomia errealari baino, sustatu dezake, esaterako, adreiluan oinarritutako ekonomia bat, ekonomia finantziarizatu bat; hori produktu espekulatiboetan oinarritu daiteke, industria albo batera utzita. Berriz, aurrezkia eta ehun produktiboa batzen dituen finantza sistema batek, kutxa batek kasu, ekonomia errealean oinarritutako gizarte bat bultzatuko du eta horrek edukiko dituen baloreak ere desberdinak izango dira. Sistema finantzieroak, beraz, gizarte eredua bera baldintzatzen du. Kutxek beti egin izan dute tradizionalki aurrezkia eta ekonomia errealaren arteko zubilana, eta orain beste joera bat hartzen ari dira, banku anglosaxoien aldera; eta horrek eragina izango du gizartean. Egunerokoan, zertan nabarituko dute aldaketa herritarrek? Hasteko, kontrol sozial eta kolektiborik ez egoteak esan nahi du herrian inbertitzeko inongo beharrik ez dutela izango bankuek. Euskal Herrian edo erkidegoan inbertitzea baino errentagarrigoa ateratzen bazaie beste nonbait inbertitzea, ez dute inongo zalantzarik izango. Bestetik, aurrezleak beraiek kutxetako aginte organoetan ez direnez egongo, logikaz garestiagoa izango da aurrezkiak hor edukitzea, ez baitute ez ahotsik ez erabakimenik. Zerbitzuak ere ez dituzte hain egokiak jasoko eta gizarte ekintza bera ere zalantzan jartzera iritsiko dira; azken finean, irabazi duten diruaren zati bat zerbaitetara bideratzea da, eta pentsatzekoa da anbizio dezente dutela diru horren gainean. Ekintza soziala bera gauza kaltegarri edo, esan duten bezala, anakroniko moduan ikusiko dute, eta desagertzera egingo du gure ustez. Euskal kutxen sistemak badu nolabaiteko desabantailarik beste kasu batzuekin konparatuta? Ez du zertan eduki. Europa erdialdeko ekonomiak, Frantziakoa edo Alemaniakoa, kasu, era honetako eraundeetan oinarritzen dira, aurrezki kutxa eta kreditu kooperatiboetan. Gainera, ez dira zalantzan jartzen eta bultzatu egiten dira. Gurean neurri batean asko begiratzen diogu Espainiari, eta ez hainbeste Europari, eta erreferentzia kontzeptual eta praktiko nagusienak porrot egin duten kutxa aldrebes horiek badira, bada aitzaki ederra topatzen dute kutxa horiek desegiteko. Ba al dago prozesu hori gelditzeko edo berbideratzeko aukerarik? Orain egin daitekeen gauzetako bat da, fundazio bat izan arren, ohiko fundazio bat izan dadila eta ez banku-fundazio bat. Bestetik, gobernu organoak ordezkaritza irizpide batzuekin aukera daitezela, bai erakunde publikoek, bai aurrezleek, bai erakunde sozialek, baita langileek ere. Hori egitea badago, eta seguruenez hori litzateke errazena. Aukera asko daude, baina dena borondate politikoaren menpe dago. Gipuzkoan egoera desberdina da, ezta? Bai, eta arrisku bat dago: BBKn eta Vitalen egin dutenaren kontrara, gobernu organoa ordezkaritza irizpide horien bidez aukeratuta, Gipuzkoa uharte bezala geldi daiteke eta  erabaki estrategiko nagusiak Kutxabanken hartzen direnez, Gipuzkoak ez luke indar handirik izango erabakietan, berari dagokion gizarte ekintzarako diru hori nola banatu erabakitzeaz haratago. Zeintzuk dira prozesuaren epeak? Ikusi beharko da fundazioen konbertsioa inpugnatzen den ala ez. Gipuzkoaren kasuan, fundazio bihurtzeko edo beste edozein aukera ikusteko abenduaren 29a da epea, ordura arte aldaketarik ez balitz egingo fundazio bihurtuko litzateke automatikoki. BBK eta Vital jada fundazio dira, eta beraz abenduaren 29ko epe horrek ez die eragiten. Inpugnatuko balitz, inpugnazio motaren arabera 40 egunekoa edo urtebetekoa litzateke aldaketetarako epea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide