Zarautzen bertsozaleen txanda

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 16a

Kalerki Nazioarteko Kale Antzerki Topaketen ostean, bertsolaritzari lotutako jardunaldiak izango dira nagusi aste honetan Zarautzen. Motxian Bertso Eskolak aurten ere Bertso Astea antolatu du, eta horrekin bertso doinuak entzun ahalko dira bihartik hasi eta larunbatera bitartean herriko  hainbat txokotan. Aurreko urteetako egitarau antzekoa prestatu dute aurtengorako ere. Bihar gauean, 22:00etan ekingo diote bertso jardunaldiei, bertso saio musikatuarekin Torre Luzeako lorategian. Herriko bertsolariek bertso zahar zein berriak kantatuko dituzte bertan. Hurrengo egunean, ostiralean, gazteak izango dira protagonistak. 18:30etik aurrera, umeentzako jolasak egingo dituzte leku berean, eta 22:30etik aurrera Modelo aretoan izango da festa. Bertso saio bat eskainiko dute Hodei Iruretagoiena, Julen Zulaika, Nerea Elustondo, Amaia Agirre eta Andoni Egaña bertsolariek. Aitor Urbieta arduratuko da gaiak jartzeaz. Larunbata izango da egun handia, Bertso Eguna. Urteroko ohiturari jarraituz hamaiketakoa egingo dute aurrez, eguneko jardunaldiekin hasi baino lehen indarrak hartzeko. Modelo aretoaren atarian eskainiko diete Motxianeko kideek mokadutxoa bertaratzen direnei. Eguerdian ekingo diote Bertso Txepelketari. Ohi bezala, Alde Zaharreko tabernetan zehar jardungo dute bertsoak abestuz. Leku bakoitzean bina bertsolari ariko dira buruz buru, umore ona eta irribarreak eraginez bertaratzen direnei. Gerturatzen den edonork hartu ahalko du parte lehiaketa berezi horretan. Ibilaldia amaituta, Egoki tabernara joko dute parte-hartzaileek elkarrekin bazkaltzeko. Bazkalostean jokatuko dute final handia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide