Bihar hasiko dira banaketarekin. Eskuliburu horretan TAO aparkaleku arautu sistemari buruzko informazio jasoko dute herritarrek postontzian. Mikel Goenaga Mugikortasuneko zinegotziak argitu du sistema horri buruzko "galdera guztiak erantzuten" dituela horrek; besteak beste, askotariko eremuei eta horien mugen, tarifei eta aldirietako aparkalekuei buruzko informazio osoa duela. Halaber, zabaldu daitekeen plano bat ere gehitu diote. Udalak sisteman egindako azken aldaketak ere jaso dituzte bertan. Aurten 1-1 guneko (Salbide eta Alde Zaharra) muga Kasino kalera zabaldu dute. Iaz Gaztainpe kaleraino aparka zezaketen 1-1 guneko bizilagunek. Horrez gain, 1-3 (Azken Portu eta Salberdin) gunean ere utzi ahalko dute autoa Alde Zaharreko eta Salbideko bizilagunek. "Udan segituan bete ohi ziren gune horiek, eta bizilagunei erraztasunak emateko beste gune batean aparkatzeko aukera eskaini diegu", adierazi du Mugikortasuneko zinegotziak.
Horrez gain, Salberdingo aparkalekuan gehienez zortzi orduz aparkatu ahalko da aurten—iaz lau orduko muga zuen—. Herrikosoro kale osoa gune berde izendatu dute, bestalde, eta bertan egun erdiz ala egun osoan zehar utzi ahalko da autoa, 2,5 euro ala 5 euro ordainduta, hurrenez hurren. Bezeroek ohikoa baino prezio merkeagoa ordainduta aparka dezaten txartelak emango dizkiete ostalariei, tabernariei eta merkatariei ere. Zarautzen etxea dutenek ere eskuratu ahalko dituzte hamar txarteleko sortak, haiek bisitatzera etortzen direnek autoa aparka dezaten merkeago. Txartela dutenek eguneko lau euro ordaindu beharko dute autoa aparkatzeagatik.
Bisitarientzat ere bai
Herritarrei izan ezik, bisitariei ere banatuko dizkiete eskuliburuak, haiek ere informazio osoa izan dezaten. Horiek udaletxean, turismo bulegoan, Udaltzaingoaren egoitzan eta TAOko bulegoan eskuratu ahalko dute txostena. Interesa duten merkatari eta ostalariek ere eskatu ahalko dituzte, gero euren bezeroen artean banatu ahal izateko.
Euskaraz eta gaztelaniaz bidaliko dute eskuliburua zarauztarren etxeetara, eta turistek hala nahi izanez gero ingelesez zein frantsesez ere eskatu ahalko dute informazioa. Horrez gain, zarautz.org eta turismozarautz.org webguneetan ere zintzilikatu dute, TAOri buruzko bestelako informazioarekin batera—TAOri buruzko ordenantza eta planoak—. "Kanpaina berri hau oso garrantzitsua da herritarrek zein bisitan etortzen diren guztiek aparkaleku arautuei buruz informazio osoa izan dezaten grafikoki modu ulergarrian", nabarmendu du Goenagak.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide