Santiago Etxearen 100. urteurrena ospatu dute. (Egilea; Aiora Larrañaga)
Astelehenean Ignacio Zuloaga margolaria zenaren familiakoek Santiago Etxearen 100. urteurrena ospatu zuten lagun artean eta bertan izan ziren Zumaiako eta Eibarko alkate Iñaki Agirrezabalaga eta Miguel de los Toyos, Bilbon Frantziako kontsula den Fabrice Delloye enbaxadorea, Santiago etxea berritzeko proiektuan parte hartu duten arduradunak eta familiaren beste hainbat lagun.
Munduan zehar bidaiatu ondoren, Zumaiako hareatzaz maitemindu eta duela 100 urte erosi zuen Zuloagak Santiago Etxea egiteko lur saila. Ordutik lotura estua izan dute Zumaiak eta Zuloaga familiak eta harreman hori indartzeko konpromisoa azaldu zuten bi aldeek urteurren ekitaldian. Ignacio Zuloaga artistaren biloba Ramon Suarez Zuloagak gogoan izan zuen uneoro aitona ekitaldian zehar, iragana, oraina eta etorkizuna presente izanez. "Zumaiak nire aitona maitemindu zuen. Hemen pasa dut nire haurtzaroa eta hemen hil dira nire aitona-amonak, nire gurasoak eta nire osaba. Duela lau urte nire aitonak hainbeste maite zuen etxea berreskuratzea erabaki nuen eta etorkizunean nire bilobek izango dute bertako ondarea babesteko ardura".
Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagaren iritziz "ohorea" da mundu osoan zehar ezaguna den Igancio Zuloagak Zumaia bizitoki aukeratu izana. "Museo garrantzitsuetan Zuloagaren margolanak ikusteko aukera izaten dugu eta horiek ikustean zumaiartasuna sentitzen dugu, margolan horien zati txiki bat gure sentitzen dugu, guk margotu izan bagenitu bezala".