[sasoian.info] Ligetako jardunaldi eta jardunaldi artean, Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko dute gaur Zumaian, emakumezkoek zein gizonezkoek. Paola punta paretik Itzurun hondartzaren parera bitartean atonduko dute estropada eremua, eta 18:30ean emango diote hasiera lehiari. Lehen bi txandak emakumezkoenak izango dira, eta bi luzetara jokatuko dute bandera: aurreneko txandan Orio eta Getaria-Zarautz ariko dira, eta bigarrenean, San Juan, Hibaika eta Zumaia.
Gizonezkoak hiru txandatan lehiatuko dira jarraian; hauek lau luze osatu beharko dituzte. Hirugarren txandan Zarautzek eta Hibaikak neurtuko dituzte indarrak; laugarrenean, Zumaia, Getaria, Donostiarra eta Trintxerpek; eta bosgarrenean, faboritoen txandan, Orio, Hondarribia, San Juan eta San Pedrok. Iaz Zumaia izan zen txapeldun emakumezkoetan eta Orio gizonezkoetan.