Santiago Apostol taldeko kideek larunbat gauean emanaldi folklorikoa eskainiko dute giroa berotzeko. Amaia Ventas
Iritsi da olagarro egin berria eta ribeiro freskoa dastatzeko ordua. Igandean ospatuko dute herriko galiziarrek XXXI. Galiziako Eguna, eta ohi bezala, Iñurritzako zelaia festa giroan murgilduko da igandean. 10:30ean alborada izango da, Iruñeko Santiago Apostol, Masustegiko Grupo Os Agarimos eta Zarauzko Carballeira kultur elkartearen eskutik. 11:00etan meza egingo dute San Pelaioko ermitan eta bi ordu beranduago hasiko dira dantza saioekin. Santiago Apostol, Zarauzko Mollarri euskal dantza taldea, Grupo Os Agarimos eta Carballeirako kideek hartuko dute parte bertan.
Morena sukaldaria olagarroa, lakoia, enpanadak eta bestelako jaki tipikoak prestatzen jardungo du bitartean, eta gazta eta albariño ardoa ere eskainiko dituzte Iñurritzako zelaian, ohi bezala, prezio herrikoitan. Bazkalostean ekingo diote berriz ere atsedenik gabeko jaiari. Musika eta dantza izango dira San Pelaion nonahi.
Larunbat gauean Santiago Apostol taldeak emanaldi folklorikoa eskainiko du Musika Plazan, giroa berotzeko. 23:00etan hasiko dira.