Gorka Etxeberria, Getariako entrenatzailea: "Irabazteko gogoa geneukan, eta azkenean etorri da eguna"

Aritz Mutiozabal 2014ko uztailaren 15a

[Sasoian.info] Bigarren denboraldia du Gorka Etxeberriak (Orio, 1977) Getariako traineruko entrenatzaile bezala. Aurten hasiera bikaina eman diote ligari: lehen hiru probetan bigarrenak izan ondoren, laugarrenean garaipena lortu dute. Larunbatean izan zen, Donostiarra-Kaiarriba Bandera altxatuz. Azkenean bandera lortu duzue... Jada irabazteko gogoa geneukan, eta azkenean etorri da eguna. Oso estropada borrokatua izan genuen Zumaiarekin, beti bezala; aurtengo estropada guztiak horrelakoak izango direla iruditzen zait. Alde txikiagatik izan bazen ere, oraingoan gu nagusitu ginen. Aurreko asteetan zuek jartzen zineten buru eta Zumaiak hartzen zizueten aurre azken luzeetan. Oraingo honetan alderantzizkoa gertatu da. Hala izan zen, bai. Itsaso irekian aritu ginen olatuekin, eta lehen luzeetan alde egin ziguten aurkariek, baina estropadak aurrera egin ahala, gero eta erosoago sentitu ginen. Poparean ere ongi moldatu ginen, eta hein batean, hori izan zen gakoa. Garaipenak ihes ezin zizuetela egin pentsatuko zenuten, ezta? Bai... Tira, hori esaten dugu beti. Gero, ahaleginak egiten ditugu hala izan dadin, baina, egia esan, pixka bat erretxinduta geunden gai horrekin. Ez genuen errepikatzerik nahi; hau da, buru joan eta azken unean aurkariak pasatzea. Oro har, oso denboraldi hasiera erregularra bezain ona egin duzue. Espero al zenuten halakorik? Denboraldiaurrean ongi ibili gara, eta liga hasi aurreko estropadak erreferentzia inportanteak izaten dira, ondoren zer izan daitekeen jakiteko. Iaz ere denboraldiaurre txukuna egin genuen, baina liga hasi zenean konturatu ginen gainerako taldeak ere ongi prestatu zirela. Niretzako, hasiera batean, Lekittarra da ligako faborito nagusia, nahiz eta azken probetan gauzak ez zaizkien nahi bezala atera. Iruditzen zait lanak emango dizkigutela, baita Ondarroak ere. Sailkapenean Zumaiarekin batera zaudete buru, 45 punturekin. Bien artean egongo al da lehen postua? Ikusiko dugu. Estropadaz estropada pentsatzen dugu, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu. Nolanahi ere, iruditzen zaigu denboraldia gisa horretan joango dela, bi taldeok antzeko maila baitugu. Diferentzia gutxira ariko gara liga osoan, bai gu biok, bai Lekittarra, Ondarroa eta beste traineruren bat ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide