Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hasi dituzte dagoeneko Azpeitiko igerilekua handitzeko lanak. Eraikina 500 metro koadrotan handituko dute kanpoko horma 10 metro aurreratuta. Gainera, eraikina bere parean dagoen zelairaino luzatuko dute, aurreratutako 10 metroez gain, lorategiraino luzatuko den lau metroko estalpe bat eraikiko baitute bertan.
Astelehenean oraingo sarrera nagusiko atea itxi egingo dute, eta emakumeek nahiz gizonezkoek ate bana izango dute eraikinera sartzeko, aldageletatik zuzenean, eraikinaren albo banatara dauden larrialdiko irteera ateetatik sartuko baitira. Bestetik, lehen solairuko gimnasioa bigarren solairura pasa dute, eta bigarren solairu horretan egiten ziren hainbat jarduera kiroldegira eramango dituzte lanek iraun bitartean. Zazpi hilabeteko lanak aurreikusi dituzte, eta instalazioak zabalik mantenduko dituzte.
Aldagela berriak, leku zabalak
Igerilekuan lehorreko eta uretako jarduerak egiten diren arren, lanek lehorreko jarduerei soilik eragingo diete. Hala, behe solairuan aldagela berriak egingo dituzte, lehorreko jardueretarako, eta lehengo aldagelak uretako jardueretarako geldituko dira. Orain harrera dagoen lekuan sauna mixtoa ipiniko dute, gainera.
Lehen solairuan fitness eta gimnasioko materiala ipiniko dute albo batera, eta dantza, aerobik eta bestelako jardueretarako gela bat ipiniko dute. Gainera, Izarraitz Igeri Elkartearentzako gela, kirol medikuaren gela eta masaje gela ere jarriko dituzte. Bigarren solairuan, berriz, areto handi eta zabala egingo dute, erabilera anitzetarako. Komun nagusiak behe solairuan ipiniko badituzte ere, lehen eta bigarren solairuan ere egongo dira komunak.
Legeak hala eskatuta eta lanak aprobetxatuta, igogailu bat jarriko dute eraikinean. Igogailu handia izango da, gainera, adineko jendeari edo ezinduei irisgarritasuna bermatzeaz gain, taldekako jarduerak egiteko goiko solairuetara igotzerakoan igogaluaren zain egon beharrik ez izateko eta norbait esku-ohean atera beharko balitz, igogailuan jaitsi ahal izateko.
1,6 milioi euroko aurrekontua
Lehiaketara aurkeztu diren bederatzi enpresen artean Antzibar enpresa aukeratu dute lanak egiteko. Udalak 1,6 milioi euroko aurrekontua (BEZ barne) du. Horietatik 550.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko ditu, kirol azpiegiturak hobetzeko eman berri dituen laguntza sortaren barruan. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan dago udala, eta 2014ko aurrekontuetatik ezer lortzerik izango ez duten arren, 2015eko aurrekontuetan lan hauetarako diru laguntza lortzen saiatuko dira.
Igerilekuko behe solairua handitzen dutenean, lokal bat egokituko dute XJ Auzolanean Sanjuandegiko auzo batzordearentzat. Izan ere, gaur egun erabiltzen duten Iluntze Elkartea utzi egin beharko dute. Lanak amaitzean, beraz, lokal berria izango dute.