Kabia erakunde autonomo berrian Zumaia eta Azkoitiko egoitzak daude

Nerea Uranga 2014ko uztailaren 14a

Gipuzkoan udalen esku dauden adinekoen egoitzak bilduko dituen Kabia izeneko erakunde autonomo berri bat aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakundeak oraingoz, Zumaiako San Juan eta Azkoitiko San Jose egoitzez gainera, Villabonakoa, Elgoibarkoa eta Lasarte-Oriakoa hartuko ditu bere gain. Gero, Gipuzkoako gainontzeko adinekoen udal egoitzen kudeaketa bere esku hartzea du asmoa. Guztira, hamasei dira. Gipuzkoako Foru Aldunditik azaldu dutenez, era horretan Gipuzkoako udalek egindako aldarrikapen garrantzitsu bati erantzungo diote, eta Gizarte Zerbitzuen Legeak ezarritakoa beteko dute. Horrez gain, Kabia erakundea Gipuzkoako gizarte zerbitzuen kudeaketa zuzenera bideratutako aldaketa baterako urratsa emateko "tresna garrantzitsua" izango da. Kabia erakundearen sorrera arautzeko Foru Arauaren erakusketa publikoaren tramitea hasi dute orain, eta horren sorrera uda ostean Batzar Nagusiek onartu beharko dute. Gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak bost udalekin (tartean Azkoitikoa eta Zumaiakoa) egoitzen traspasoa egiteko akordioak sinatuko ditu. Kabia erakundean sartuko diren bost udal egoitza horietan 250 erabiltzaile eta 150 lanpostu inguru daude. Diputatuak "lasaitasun mezua" helarazi die egoitzetako langileei: "Eurek lanean jarraituko dute, eta Aldundiak oraingo lan baldintzak mantenduko ditu. Egoitzetan dauden pertsonek, berriz, arreta eta zerbitzu bera jasotzen segituko dute".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide