Elkarlana izango du bide eta helburu Azpeitian irailaren 19tik 21era egingo den Azoka Herritikek

Olatz Prat 2014ko uztailaren 12a

Iazko Azoka Herritiken balorazio positiboak eta han sorturiko harremanek eman dituzten fruituak ikusita, indarrez eta anbizio berriz dator aurtengoa. Irailaren 19an, 20an eta 21ean ospatuko da aurtengo Azoka Herritik, eta "salerosketarako, kultur sorkuntzarako, jakintzaren transmisiorako eta eztabaida nahiz gogoetarako espazioa" sortzea izango du helburu. Iaz "herriko ekonomiari bultzada bat ematea, bertako salerosketa bultzatzea eta Azpeitiko sortzaileen lana erakustea" izan ziren azokaren helburuak, "beti ere herritarren parte hartzea eta herriko sektore ekonomikoen eta kolektiboen elkarlana oinarri izanda". Iazko Azokaren inguruan egindako ekimenek eta sorturko harremanek "urte osoan jarriapena behar" zuela ikusi zuten orduan, eta zentzu horretan "bidetxo ezberdinak zabaldu" direla uste dute antolatzaileek, azoka "elkarlanaren bidez ekonomia lokala bultzatzeko eta aldaketak eragiteko baliagarria izan dela" uste dute. Iazkoak eta gehiago Berrikuntza nabarmen bat dakar aurtengo Azoka Herritikek: Faktoria izeneko gunea, "tailerrak, emanaldiak, eztabaidak eta aurkezpenak egin eta elkarlanean egin dezakegunaz hitz egiteko bilgunea" izango dena. Faktoriaz gain, honakoak dira momentuz zehaztuta dituzten guneak: baserritarren produktuak salgai egongo diren postuak; herriko merkatarien stocka; eskualdeko artisauen lanak salgai egongo diren postuak; bigarren eskuko azoka eta bidezko merkataritzako postuak. Gainera kultur emanaldiak izango dira egunean zehar eta umeentzat ekitaldiak eta puzgarriak egongo dira. Azokaren helburuetako bat elkarlana bera izanik, hauek dira Azoka antolatzeko elkarlanean dabiltzan eragileak: Azpeitiko Kultur Mahaia, Azpeitiko Udala, AZTE Alde Zaharreko Tabernarien Elkartea, Baserritik.com, Bertan Merkatari Elkartea, Elkar-Ekin, eskualdeko artisauak, Khamar, Misio taldea, Sanagustin Kulturgunea, Urkome eta Urolab. Postu eta azoka desberdinek osatuko dute azoka eta egun horietan gertatzen den guztiaren berri ematen ariko dira herriko kazetariak eta komunikazio ikasketak egiten dihartuten ikasleak. Antolaketan parte hartzeko aukera dute oraindik herriko kolektibo eta norbanako guztiek. Gogorarazi dutenez, astelehenero egiten dituzte bilerak Sindikatu Zaharrean. Eurekin harremanetan jartzeko azoka.herritik@gmail.com helbidea erabili daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide