Mari Jose Iturria eta Manuel Unanue Udal zinegotziak, eta Nerea Lopetegi kirol teknikaria eta Joxe Mari Arregi Udaleko aparejadorea. O.PRAT
Igerilekuko eraikina 500 metro koadrotan handituko dute fatxada 10 metro aurreratuta. Eraikinaren parean dagoen zelairaino luzatuko da horrela eraikina, aurreratutako 10 metroez gain, lorategiraino iritsiko den lau metroko espazio estali bat eraikiko baitute.
Lanak hasi dituzte dagoeneko. Izan ere, uztailaren 21ean oraingo sarrera nagusiko atea itxi egingo dute eta emakumeen nahiz gizonezkoek ate bana izango dute eraikinera sartzeko, aldageletatik zuzenean, eraikinaren albo banatara dauden larrialdiko irteera ateetatik. Bestetik, lehen solairuko gimnasioa bigarren solairura pasa dute eta bigarren solairu horretan egiten ziren hainbat jarduera kiroldegira eramango dituzte lanek iraun bitartean. Zazpi hilabeteko lanak aurreikusi dituzte eta instalazioak zabalik mantenduko dituze momentu oro.
Aldagela berriak eta leku zabalak
Igerilekuan lehorreko eta uretako jarduerak egiten diren arren, lanek lehorreko jarduerei soilik eragingo die. Hala, behe solairuan aldagela berriak egingo dituzte, lehorreko jardueretarako, eta lehengo aldagelak uretarko jardueretarako geldituko dira. Orain harrera dagoen lekuan sauna mixtoa ipiniko dute, gainera.
Lehen solairuan fitness eta gimnasioko materiala ipiniko dute albo batera, eta dantza, aerobik edo bestelako jardueretarako gela bat ipiniko dute. Gainera, Izarraitz Igeri Elkartearentzako gela, kirol medikuaren gela eta masaje gela ere ipiniko dituzte. Bigarren solairuan, berriz, areto handi eta diafanoa egingo dute, erabilera anitzetarako. Komun nagusiak behe solairuan ipiniko badituzte ere, lehen eta bigarren solairuan ere ipiniko dituzte kumunak.
Legeak hala eskatuta eta lanak probestuz, igogailua ipiniko dute gainera igerilekuko eraikinean. Igogailu handia izango da, gainera, adineko jendeari edo ezinduen irisgarritasuna bermatzeaz gain, taldekako jarduerak egiteko goiko solairuetara igotzerakoan igogaluaren zain egon beharrik ez izateko eta norbait kamillan atera beharko balitz, igogailuan jaitsi ahal izateko.
1.600.000 euroko aurrekontua
Lehiaketara aurkeztu diren bederatzi enpresen artean Antzibar enpresa aukeratu dute lanak egiteko. Udalak 1.600.000 euroko aurrekontua (BEZ barne) du. Horietatik 550.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko ditu, kirol azpiegiturak hobetzeko eman berri dituen laguntza sortaren barruan. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan dago udala, eta 2014ko aurrekontuetatik ezer lortzerik izango ez duten arren, 2015eko aurrekontuetan lan hauetarako diru-laguntza lortzen saiatuko dira.
XJ Auzolanentzat lokala
Igerilekuko behe solairua handitzen dutenean, lokal bat egokituko dute XJ Auzolanean Sanjuandegiko auzo batzordearentzat. Izan ere, gaur egun erabiltzen duten Iluntze Elkartea utzi egin beharko dute. Lanak amaitzean, beraz, lokal berria izango dute.