Zarauzko Gurekin Jai festa batzordeak bilera egingo du hilaren 18an Euskal Jaien inguruan

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 11

Paella Lehiaketa San Pelaio Egunean, txosnagunean. Aritz Mutiozabal Sanpelaioak pasatuta, Euskal Jaia "herritik eta herritarrentzat" prestatzen hasteko asmoa du Gurekin Jai festa batzordeak. Horretarako bilera antolatu du uztailaren 18rako. Gaztetxean izango da, 17:30ean. Eragileak eta orohar herritarrak deitu dituzte bertan parte hartzera.

Sanpelaioen balorazioa egin du batzordeak. Eskerrak eman dizkiete herritarrei festetan emandako erantzunagatik: "Aurtengo egitarau anitzean hamaika kontu izan ditugu eta zarauztarrek parte hartze izugarria izan du. Plazera da herriko festak antolatzea herriaren halako erantzuna izanda: umeentzako ikuskizunean, DJkin dantzan, paella lehiaketan eta abar. Eskerrik asko". Aurten txosna gunean ez dela salatutako eraso sexistarik izan, eta hori "poztekoa" dela nabarmendu dute kideek: "Lanaren poderioz txosnagunea eremu libreagoa eta askeagoa izatea da Gurekin Jairen helburuetako bat, eta horretan jarraituko dugu eraso sexista guztiekin amaitu arte; aurtengoan identifikatu gabe edota salatu gabe geratu diren horiekin ere amaitu arte".

Guztia ez dela "positiboa" izan aitortu dute. Izan ere, presentzia poliziala handia izan da Gurekin Jairen arabera: "Ia etenik gabe izan dira indar polizialak txosnagunearen jira bueltan". "Probokaziotzat jo daitekeen hau gogor" salatu  du  festa batzordeak: "Argi eta garbi azaldu nahi dugu, gu geu txosnagunea kudeatzeko gai bagarela, eta ez dugula presentzia polizialik nahi. Beharrezkotzat joko bagenu, arduratuko ginateke jakinarazten".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide