Ingurumen hezitzaileek hondakinen bilketaz informatuko dute Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko uztailaren 11

Atzo aurkeztu zuten kanpaina Juan Unzueta Artelatzeko kideak eta Mikel Goenaga zinegotziak. (Ainara Lozano) Zarauzko Udalak «epe laburrean» erabakiko du hondakinak biltzeko zein sistema ezarri, eta hori martxan jarri aurretik herritarrak bultzatu nahi ditu hondakinak berrerabiltzen, birziklatzen eta murrizten jarraitu dezaten. Udalarentzat zarauztarren parte hartzea «nahitaezkoa» da hondakinen %70 egoki bereizteko. Zentzu horretan, kanpaina bat abiatu du Zarauzko Udalak, eta hainbat ekintza antolatu ditu. Helburua da herritarrak informatzea hondakinak modu egokian bereizten jakin dezaten, etxean zein herriko kaleetan. Horri lotuta, ingurumen hezitzaileak ibiliko dira astelehenetik aurrera Zarautzen, edukiontzi multzoen inguruan. Brigada berde horren egitekoa herritarrak informatzea izango da, bilketari lotuta izan ditzaketen zalantzak argitzea, zuzenean. Era berean, zarauztarrek planteatutako kexak eta iradokizunak jasoko dituzte langile horiek. Bi astez ibiliko dira kalean, hilaren 24ra arte, eta irailean beste hamabost egun emango dituzte zenbait bilketa puntutan. Jantzi deigarriak eta identifikazio txartel bana eramango dituzte soinean. Mezuak eta panelak Bestetik, «zarauztarren jakinmina pizteko», herriko 40 gune «ikusgarri» margotuko dituzte birziklatzeko mezuekin. Mezua «argia, xumea eta ulerterraza» izango da: Birziklatu. «Herritarrok etxean ez dugu birziklatzen; gaika biltzen ditugu hondakinak. Hala ere, oso zabalduta dagoen mezua da birziklatzearena,  gaika biltzea baino barneratuago dugu birziklatzearen zeregina edo kontzeptua», azaldu dute kanpainako ordezkariek, margoketan azalduko den mezuari buruz. Mezua gaikako bilketari lotutako lau koloreetan —urdina, horia, marroia eta berdea—egongo da margotuta. «Koloreak erabiltzean gainditu egiten dugu bilketa sistemaren aipamena, onartuko den sistemarekin mezua guztiz bateragarria izanik», gaineratu dute. Ikusgarritasunarekin lotuta, gogoratu dute pasa den ekainaren 7an errefusa jasotzeko edukiontzi bat irauli zutela Artelatz Ingurugiro Kooperatibako kideek Zarautzen. Edukiontzi hartako hondakinak aztertu zituzten, herritarren arreta eta jakinmina pizteko. Enpresa horrek emandako datuen arabera, 89 kilo hondakin aztertu zituzten, eta horietatik ia %90 bereizi zitekeena zela nabarmendu zuten: %10,11 papera zen, %11,24 ontzi arinak, %11,24 beira eta %56,17 organikoa. Emaitza horiek panel informatibo batean islatuko dituzte, eta herrian jarriko dituzte ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide