Azkoitiko Zero Zabor: "Hutsuneez hitz egin baino, lortu nahi dena izan behar dugu ardatz"

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 11

Azkoitiko Zero Zabor taldeko kide dira Irati Lopetegi, Alaitz Oruesagasti eta Iñaki Astigarraga. Sistema mistoarekin bat egin dute, eurentzat eraginkorrena atez atekoa bada ere, edukiontzia kenduta «pauso handi bat» eman daitekeelako. Dena den, bilketa sistematik haratago, aitortu dute galdu egiten direla gutxiago sortzearen eta berrerabilpenaren aldeko mezuak. Ikusi da orain arteko sistemak ez dituela eman behar bezalako birziklatze tasak. Zerk egin du huts? Irati Lopetegi: Asko hitz egin da kontzientziazio arazoetaz. Lan gehiago beti egin daiteke. Beharbada, kontzientziazio kanpainetan indar gehiago egin behar zen, baina birziklatzeko aukera guztiok eduki dugu, eta ez da egin. Alaitz Oruesagasti: Orain egin diren ikastaroekin jende mordoa joan da kuboen bila. Hondakinen erdia pasa da organikoa. Dagoen kuborik txikiena da, eta ez da erdia betetzen. Ikusten da derrigor egitearena sartu arte, herritarren artean ez dela ondo egiten. Azkoitiko eta Donostiako auzo bat izan ziren bosgarren edukiontzia jartzen lehenak. Hondakinen Mahaia martxan jarritakoan, kalkulu batzuk atera genituen: biztanleen %30ek zuten edukiontzi marroiko giltza, eta soilik haien %30ek erabiltzen zuten. Ikusten zen giltza hobariengatik zutela. Sistema mistoak zer hutsune dituela uste duzue? A.O.: Zero Zaborretik esan izan dugu sistemarik onena frakzio guztiak atez ate jasotzea dela. Izan ere, edukiontziak hor dauden bitartean, gaizki egin nahi duenak gaizki egingo du. I.L.: Finean, sistema honek ahalbidetzen duen bakarra da errefusa identifikatzea. Hutsuneez hitz egin baino, lortu nahi dena izan behar dugu ardatz. Bide horretan, hori ziurtatzea pauso handia dela uste dugulako bat egin dugu. Dena den, badakigu beste edukiontziak kalean dauden bitartean errefusa hor galdu daitekeela. A.O.: Dena den, arazoak ematen dituena edukiontzi grisa da, eta hori kenduz gero, pauso handia izango da. Eztabaida bilketa sisteman zentratu da, baina uste duzue gutxiago sortzearekin edo berrerabilpenarekin ahaztu garela? Alde horretatik, zerbait egitea pentsatzen al duzue? A.O.: Ekintza batzuk egin ditugu. Besteak beste, erosketa arduratsuaren inguruan, bigarren eskuko azoka... egin ditugu. I.L.: Tuperrak ere banatu ziren, baina egia da horren funtsa galdu egin dela. Azokarekin ere gertatu zitzaigun. Gauzak egiten dira, baina askotan mezua bidean galtzen da. Dena den, talde bezala inoiz ez gara ahaztu horretaz, eta pauso txikiak egin izan dira. Mezua jendearengana iritsi al da? I.L.: Askotan galdu egiten da. Sistemaren inguruan, ordea, ikusi nahi ez duenak ez du inoiz ikusiko. Hirugarren pertsona batek egingo du lana, baina norberaren etxean suertatzen ez zaionera arte, ez du ikusiko. Galtzeko arrisku asko dago. Sistema honekin, kuboa etxera sartzen duzun unean konturatzen zara ez zaizula ezer kostatzen egitea. Kontua hondakinak ez nahastea da. Sistema honek ahalbidetuko du eskandalu hau guztia baretzea, konturatuko direlako ezer ez dela. Kontzientzia hor hasten da. Eskandalua aipatu duzue. Zer gertatu da halako giroa sortzeko? I.L.: Oportunismoa. Batzuen interes pertsonalak aurrera eramateko, edozer zapaldu eta gainetik pasa dute. Inporta ez den informazioa maneiatu dute. Etxean eroso dagoenari askoz errazagoa egiten zaio informazio hori bere egitea, benetan erreala den informazioa jasotzea baino. Ezin da iritzi bat egi bezala saldu. Informazio bat ematerakoan, zerbaitetan oinarritu behar duzu. A.O.: Eta desinformazio handia. Arratoiak, usainak eta egunero hondakinak zintzilik egotea... Ondo dago bakoitzak bere ikuspuntua ematea, baina esan direnen gezurren aurrean amorrua eta pena sentitzen dugu. Iñaki Astigarraga: Hondakinen kontu honekin pena ematen digu konpondu behar den gauza bat nahastu egin dutela, beste interes batzuk dituztelako. Informatuz gero horren sinplea den gauza baten inguruan batzuk gauzak nahastzen ibili dira. A.O.: Kalean egon garenean, esan izan digute ez dakitela nola antolatu behar duten. Sukalde gisako bat prestatu genuen behin, eta azalpenak emanda eta funtzionamendua ikusita, ‘hau al da guztia?’ galdetzen zuten. I.A.: Izango ez den gauza baten kontra jarri da jendea, hori gertatu da Azkoitian. Sistema mistoaren inguruan, gezurrak diren gauzak esan dituzte. Herri galdeketa bat egitearen alde al zaudete? A.O.: Azkoitian, hondakinen inguruan egin den lanketa eta gero, uste dugu ez datorrela bat. Bilera irekiak egin dira, eta herritar guztiak egon dira gonbidatuta. Bileren ondorio izan zen helburuak finkatzea. Prozesuaren ondorio izan bazen herri galdeketa behar zela, ondo, baina ez zen hala izan. Zentzu horretan oso ondo joan da, eta orain herri galdeketarena... Informatzerik izan nahi ez duen bati galdetu behar al diogu? Eztabaida, ordea, orain sortu da, eta iritzi desberdinak ageri dira. I.A.: Lantaldean batu izan garenen artean hitz egin izan dugu horretaz, eta hobetsi dugu guztiok gustukoa izan daitekeen erdibideko sistema bat bilatzea. Bilketa sistema bati buruzko galdeketa egitea baino, guztion artean adostu zitekeen bilketa sistema bat egitea erabaki zen, galdeketa batean batzuk irabazle eta besteak galtzaile irten daitezkeelako. Orain, sinadurak biltzen ari direnei esan beharko zaie lantaldean hitz egin zela kontu hori, eta beraiek egon izan balira, beste zerbait atera izan zitekeela. Aipatzekoa da, lantaldean bildu izan ginenean, sistema mistoa EAJk proposatu zuela. Legazpiko eredua aurkeztu zuen, eta beste guztiok hori onartzeko prest geundela ikusi zuenean, atzera egin zuen. Horrek erakusten du benetan bilatu izan dugula adostasuna. Herria zatitu egin dela dio zenbaitek. Zuen ustez ere bai? I.A.: Giro hori sortu nahi izan dute, eta neurri batean hori saihestu dugula uste dut. Asko ahalegindu dira, baina bere horretan ez dute horrenbeste gaiztotzerik lortu. Ez den sistema baten kontra jarri nahi izan dute. I.L.: Uste dut ahaztu egin dela benetan zer lortu nahi den. Guztiok nahi dugu birziklatzea, hor ez dago eztabaidarik. Beraz, guztiok ingurugiroarentzat onena nahi badugu, denok elkartuta aritu beharko genuke. Hori ez da errealitatea, eta planteatu beharko da zergatik den hori. Zero Zabor atez atekoarekin gaude hasieratik, eta ez da hori jarriko dena, baina hemen gaude birziklapenarengatik, ahal duguna ematen. Guztiek hori egin izan balute, ez litzateke zatiketa batetaz hitz egingo. Prozesuan talde bakoitzak malgua izateko konpromisoa hartu zenuten. Zer uzteko prest egon zarete? I.A.: Gure jarrera izan da lantaldeak eta udalbatzak onartutako irizpideak errespetatuko zituen bilketa sistema izatea. A.O.: Irizpide horietako bat zen errefusari ateak ixtea. Bost edukiontzien sistemak ez zuen hori betetzen, beraz, alboratu egin genuen. Frakzioak banatzea ahalbidetzen zuen sistema da jarriko dutena. Bosgarrenak inon funtzionatu ez duen bezala, beste herri batzuetan funtzionatzen du sistema mistoak. Zestoan sistema komunitarioa jarri dute martxan. Zer iruditzen zaizue hangoa, eta zergatik egon da han adostasuna, hemen ez bezala? I.A.: Testingurua azalduko dizut. Hondakinen lantaldean biltzen ari ginen bitartean, bagenekien Zestoan zer sistema jartzekotan ziren. Azpeitian ere berdina jarri behar zutenean, EAJk esan zuen ez zuela nahi ‘bebarruan txerrijanaririk’. Testuinguru horretan, EAJk Legazpiko eredua ekarri zuen. Orduan, Legazpikoaren bidetik joan ginen. Bide horretatik joatea zela egokiena uste genuen. Testuinguruak lagundu egiten zuen sistema hori bultzatzeko. I.L.: Horrez gain, iruditzen zaigu Azkoitiko sistema egokiagoa dela, emaitza hobea ahalbidetuko duelako. Frakzioak zenbat eta gehiago pertsonalizatu, kontrola handiagoa izango da, beraz, emaitzak hobeak izango dira. Iruditzen zaigu komunitarioa gatazkatsuagoa dela. Gaiaren inguruan bereziki zerbaitek kezkatzen al zaituzte? I.L.: Jendea animatu nahi dugu, gauzak hobeto egiteko aukera bikaina dagoelako, eta ez duelako ahaleginik eskatzen. Azkenean, hobekuntza guztiok antzemango diogu. Etxeko hondakinetatik hasita, ohitura pila bat aldatu daitezke, zenbat hondakin sortzen dugun ikusita. Murrizketa, beraz, horrela hasi daiteke. Gizartea eraldatzeko palanka da. A.O.: Pauso txiki batekin aldaketa handia eman daiteke. Edukiontzi grisa bakarrik kenduta, %33tik %70ra igo gaitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide