Azkoitiko atez atekoaren aurkako plataforma: "Zintzilikarioak jartzea eta edukiontzi grisak kentzea da arazorik handiena"

Ane Olaizola 2014ko uztailaren 11

Azkoitiko atez atekoaren aurkako plataformak gogor kritikatzen du hondakinak biltzeko sistema mistoa. Egungo sistemarekin birziklapen tasa altuagoak lortu daitezkeela sinesten dute, edukiontzi grisari txipa jarrita. Sinadurak biltzen ari dira, herri galdeketa egiteko eskatuz, hala herritarrek bi ereduen artean erabaki dezaten. Ikusi da orain arteko sistemak ez dituela behar bezalako birziklatze tasak eman. Zerk egin du huts? Lourdes Larrañaga: Edukiontzi marroia duela bospasei urte jarri zuten, eta herritarrak boluntarioki hasi ziren birziklatzen. Dena den, leku askotan ez zegoen edukiontzirik, asko orain jarri dituzte. Elgoibarren ere sistema hori dute, eta hala ikasi dute birziklatzen. Han deskontuak egiten dituzte, baina hemen kendu egin dizkigute, eta hori oztopoa da birziklatzeko. Erraztasunak jarri behar zaizkie herritarrei. Itziar Larrañaga: Ziur nago askok gaizki egingo zutela. Baina azkenengo hilabeteetan ikusi da— zabor-biltzaileek hala esaten dute — edukiontzi grisera iristen den kopurua jaitsi egin dela. Ez duenak nahi, ez du egingo gero ere, eta are gutxiago inposatuta. Errefusa atez ate jasotzea baino, askok esaten dute ibaira botako dutela. Amorrua dute. Halako jarrerak onartzen al dituzue? I.L.: Inola ere ez. Urolak ordaindu behar al du, bada? Gure ekitaldietan frakzio bakoitza nola birziklatu jakiteko informazioa banatzen dugu. Xehetasun guztiak ematen ditugu jendeak ondo egin dezan. Erakutsi egin behar zaie, eta gero denbora tarte bat eman. Zer proposatzen duzue? I.L.: Orain arteko sistemarekin jarraitu eta edukiontzi grisari txipa jartzea. Egun osoan zehar utzi behar da edukiontzi grisa erabilgarri, jendeak nahi duenean eraman ditzan hondakinak. Zuek proposatzen duzuen ereduarekin %70eko birziklatze tasetara iristen den herririk ba al dago? I.L.: Ondo egiten bada lortu daiteke. Baina datu errealak inork ez ditu ematen. Atez atekoa duten herrietan ez dute egia esaten birziklatze tasei buruz. Ez gara fidatzen datuekin. Izan ere, Hernaniko bat Azkoitira etortzen da lanera, eta hemen botatzen du. Pasaian, bestetik, 100.000 kilo gutxiago hondakin jaso dute. Datuak, beraz, ez dira errealak. Ondoen egin den herrietan ere datuek ihes egin dute. Legazpin, esaterako, hil batean ez zen pixoihalik azaldu. Erreala izango da benetan ondo egiten bada. Zer hutsune ikusten diozue orain jarriko duten sistemari? L.L.: Besteak beste, pixoihal eta konpresentzat edukiontziak jarriko dituzte, txipekin. Hori ere errefusa da, eta orduan, zergatik egin behar ditugu bi lan? Ezin al da batera bota? Dirua botatzea da hori. Horrek ez du zentzurik. Maje Alberdi: 3.500 sinadura bildu ditugu, eta ez diote jaramonik egin horri. Gainera, aurrerantzean bakoitzaren hondakinak identifikatuko dituzte, eta jakin ahal izango dute ondokoek zer egiten duten ondo eta zer ez. L.L: Horrez gain, sabotajea egin diezazukete. I.L: Ziur nago, gainera, iluntzean kubo grisa utzi eta hurrengo goizean dagoeneko ez dela egongo kubo hori. Gogoratzen naiz Plaza Berrian txurro-denda irauli egin zutela duela urte batzuk; jendeak jarrera hori du. Plaza Berrian bizi garenok ikusten dugu edukiontzi grisak beteta egoten direla. Kale-garbitzaileek ere banaka-banaka jasoko al dute zaborra? Ezta pentsatu ere. Tabernariei galdetu diet, ea jaietan zer egin behar duten. Serbitzu enpresarekin urte eta erdiko kontratua dutela, eta plastikozko edalontziak horira bota beharko dituzte. Igandero, poltsa industrial handiak grisetara botata egoten dira. M.A.: Uste dut, ordea, hau guztia martxan jartzen denean, tabernarien eta baserritarren kontuak konponduko dituztela. Jendea orain ari da ikasten. Sistema mistoa sei aldiz gehiago kostatuko dela esan izan duzue. Nola egin dituzue kalkulu horiek? M.A.: Ez dakigu Azkoitian hala izango den. Legazpin ziur daude hala dela, hango atez ateakoaren aurkako plataformak datu horiek badituelako, baina Azkoitian oraindik ez da martxan hasi, eta ordura arte ez dugu jakingo. L.L: Fakturak iristean jakingo dugu. Azkoitia Baik udalbatzarrean esan zuen gehienez %10 igoko dela, eta hori asko ez dela diote, baina bada. Gainera, hori ez dut sinesten. Ezin du merkeago izan; frakzio bakoitza banaka jasotzeak, langile gehiago izateak, kamioiak ere behar dira... Egungo sistemarekin, hainbatetan hondakinak edukiontzietatik kanpo eta gainezka ikus daitezke. Hori txukuna al da? I.L.: Kanpoan lagatzea ez da txukuna. Gorroto asko sortu da, ordea, eta azken hilabeteetan ikusi da hori. M.A.: Orain jarriko dutena ere ez da txukuna. Hasieratik ez dira gauzak ondo egin. Aurrena jendea prestatu egin behar da, eta ikusarazi behar zaie ez dutela ondo egiten. Hondakinen gaiari lotutako prozesuan negoziatzeko aukera izan duzue, baina ez duzue parte hartu nahi izan. Zein da orain herri galdeketa eskatzeko arrazoia? M.A.: Hasieratik esan izan dugu ez genituela nahi zintzilikarioak. Bilerak egin zituzten zintzilikarioen onurak erakusteko. Kutsatutako talde bat zen, eta horregatik erabaki genuen ez joatea. Zer moduz zoazte sinadura bilketarekin? I.L.: Bihar amaituko dugu sinadura bilketa. Erroldaren %5ek sinatuz gero, udalean aurkeztean alkateak moldatu egin zezakeen gure idatzia, plenora pasatu aurretik. %15 lortuta, ordea, gure idatzia zuzenean joango da plenora, eta han gehiengo absolutuz onartu beharko dute aurrera ateratzeko. Oraingo sistema edo jarriko dutenaren artean erabaki dezaten nahi dugu, eta jada iritsi gara zenbateko horretara. Zestoan martxan da sistema komunitarioa, eta han udaleko alderdiak ados jarri dira. I.L.: Hemen zintzilikarioak jarri nahi zituzten, bai ala bai. Atez ateko hutsaren aurreko bat bezala nahi dute jarri; hau da, orain egun batean jarri nahi dute atez atekoa, baina urtebetera, jendea ohitu denean, edukiontziak kendu eta guztia atez ate jasoko dute. Zuen ustez, arazoa zintzilikarioak al dira? I.L.: Arazorik handiena hori da. Edukiontzi grisak kentzea, hori da benetako arazoa. Besteek ondo egiten badute, zergatik kendu behar da? Ez dutenek egiten gero ere ez dute egingo. Derrigortuta ere ez? I.L.: Derrigortuta ere ez dute egingo. Beste leku batzuetara botako dituzte. Arazoa ez al da jendearena, orduan? I.L.: Inposaketak gauza asko eragiten ditu jendearengan. Etxean, askotan amak esandako hori egin behar izaten duzu, nahiz eta zuretzat gaizki egon, eta hori ez da zuzena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide